Uda ostean hasiko dira Lekeitioko Santa Katalinako pasealekua luzatzeko lanak
Santa Katalina ibilbidearen urbanizazioa eta egokitzapenaren 2. fasearen proiektua joan den astean egindako Tokiko Gobernu Batzarrean onartu ondoren, Santa katalina Ibilbidea luzatzeko proiektua jendaurrean jarri du Lekeitioko Udalak. Gaur [maiatzak 22] hasi eta 20 eguneko epean, interesa duten herritarrek, berau aztertu eta iradokizun eta proposamenak aurkeztu ahalko dituzte. Lanak uda ostean hasiko dituztela aurreratu dute, aurrekontua, bestalde, 220.000 eurokoa izango da.
Lekeitioko Udalak orain dela 6 hilabete zabaldu zuen oinezkoentzako Santa Katalinako pasealeku berriaren ibilbidea, eta orain, herriko eraztun berdea osotzen joateko helburuarekin jarraituz, pasealekua luzatu nahi dute kulunkak dauden gunera arte. Proiektua www.lekeitio.eus web orrialdean (Santa katalina) edo Lekeitioko Udaleko Bulego Orokorrean jarri dute ikusgai.
Dirulaguntzak. Proiektu hau gauzatzeko dirulaguntza bi jaso dituela jakitera eman du Lekeitioko Udalak. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren Itsaspen programako laguntza, 34.480,70 eurokoa eta bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiko udal eskumeneko erabilera eta zerbitzu publikoei lotutako azpiegituretarako inbertsioak sustatzeko xede duen dirulaguntza, 30.236,44 eurokoa.
Bestalde, obra gauzatzeko, lau lur zati herriratu ditu Lekeitioko Udalak, denetara 4.666 m2 azalera daukatelarik. “Hurrengo pausoa, lanok burutzeko lehiaketa negoziatu bidez lizitazioa egitea izango da”, azaldu du udalak.