Eskarmentua daukaten mendizaleei begirako iraupen luzeko ibilaldia prestatu du, aurten ere, Markina-Xemeingo
Artibai Mendigoizale Taldeak.
28. Ondarroa-Ondarroa ibilaldia Ondarroako
Zaldupe futbol zelaiaren ondoan hasiko da domekan [maiatzak 28],
06:00etan puntuan, eta 14 ordu ondoren amaituko da. Artibai errekaren ur isurialdea jarraituz, Ondarroa, Berriatua, Markina-Xemein, Ziortza-Bolibar eta Etxebarriko inguruetatik igaroko dira ibiltariak.
Guztira 60 kilometro izango dira, eta bidean si mendate (Milloi, Lekoiz, Gontzugarai, Trabakua, Ixua eta San Miguel) eta hiru mendi tontor (Oiz 1026 m, Urko 795 m eta Kalamua 771 m) igo eta jaitsiko dituzte parte hartzaileek.
Ibiltariak Ondarroa-Ondarroa ibilaldia egiten.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, ibilaldia
inoren laguntzarik behar izan barik egin behar da. Artibai Mendigoizale Taldeak ibilbide orri bat banatuko du irteeran, eta ibilaldia 14 ordu inguruan egingo duen gidari bat ere jarriko du. Hortik aurrerako guztia partaide bakoitzaren kontura izango da, jan-edana, esate baterako, ez da-eta hornidura gunerik egongo. Gainera, ibilbidea ez da seinalez adierazita egongo. Hala ere,
bidearen track-a Wikiloc webgunean ikus eta jaitsi daiteke.
Ibilbide erdia. Bestalde, erretiratu nahi duenak Trabakuan (gutxi gorabehera bidearen erdian) Bizkaibusa har dezakeela azaldu dute antolatzaileek. “Orduro dago autobusa Ondarroara. Beraz, aukera dago ibilaldiaren lehenengo erdia egiteko Trabakuraino, edo bigarren erdia, Trabakutik 13:30ean irtenda”.
Ibilaldi
luze eta gogorra dela azpimarratu dute antolatzaileek, inoren laguntzarik behar ez izatea eskatzen duena. “Beraz, prestakuntza fisiko ona, ekipo egokia eta mendian eskarmentua behar dira”. Horrez gain, mendian federatuta egotea gomendatu dute.
Ibilaldian parte hartu nahi dutenek ez dute aurrez izenik eman behar, eta ez eta ezer ordaindu behar. Domekan
06:00etan Ondarroako irteera gunean egotea besterik ez da egin behar parte hartzeko. Edo bestela,
Trabakuan,
13:30ean.