Lea Artibai ikastetxeak hirugarren Lan-azoka antolatuko du ekainaren 5ean
Langabetuak eta enpresak harremanetan jartzeko helburuagaz, hirugarren Lan Azoka ospatuko du Lea-Artibai Ikastetxeak ekainaren 5ean. Enpresa bakoitzak bere erakusmahaia edukiko du curriculumak jasotzeko. Enpresa gehienak, ingenieritza eta teknologiari lotutako perfilen bila dabiltzala aurreratu dute ikastetxekoek.
Ekitaldia, Isabel Mendiguren Lea Artibai Ikastetxeko zuzendariaren agurragaz eta Xabi Uranga Lantokietarako Formakuntza arduradunaren aurkezpenagaz hasiko da. Jarraian, negu sasoian Nanga Parbateko zortzi milakoa igotzen lehena izan den Alex Txikon euskal mendigoizaleak, bizi izan duen esperientzairi buruzko hitzaldia emango du, eta azkenik, Lanbide Heziketako ikasleei diplomak banatuko dizkiete.
Azoka eta curriculum bilketa 10:30ean hasiko dira ikastetxearen kanpoko aldean prestatuko duten gunean. Guztira hamabost enpresak hartuko dute parte aurtengo Lan Azokan: Eroski, Batz, Maier-MTC, Kide, Eika, Cikautxo, Nemak, Tep, Danobat Group, FundaciĆ³n Novia Salcedo, Alfa, Lanbide, Lea Artibai Ikastetxea, Azaro Fundazioa eta Gestamp.
Enpresen mahaiez gain, berritasun moduan, curriculumerako argazkiak ateratzeko postua ere jarriko dute.
Markina-Xemeingo ikastetxeak langabetu edo euren lanpostua hobetu nahi dutenak animatu ditu enpresekin zuzeneko aukera hau aprobetxatzera. “Erakunde ezberdinetako giza baliabideetako arduradunen artean aurrez egindako galdeketan jaso denez, alderdi teknikoan prestatutako langileen beharra ikusten da, batez ere, ingeniariena”, nabarmendu dute.