Errebalidari planto egingo diote Lekeitioko ikasleek
Maiatzaren 29an egokitu zaie Lekeitio BHI-Iturriotzeko ikasleei DBH 4. mailako errebalida azterketa egitea, eta azterketari planto egingo dio Lekittoko Ikasle Mugimenduak. 08:45ean, Iturriotzeko sarreran elkartzeko deia egin dute planto dinamikan parte hartu eta azterketa egingo ez duten ikasleei babesa erakusteko. Ikasleez gain, guraso, irakasle eta herritar oro gonbidatu dituzte Planto dinamikan parte hartzera.
EAEko 60 ikastetxetan egingo dute aurten LOMCEren araberako kanpo ebaluazio diagnostikorako proba. Hala ere, ikasturte honetan ez du ondorio akademikorik edukiko. Izan ere, proba pilotu modura ezarri dute aurtengo azterketa. Hori dela eta, Euskal Herriko ikasle mugimenduak probari planto egiteko deia egin du, eta azken asteetan beste hainbat ikastetxeetan burutu dira planto dinamikak.