Munitibarko Udalak Goiener kooperatiba aukeratu du herriko kontsumo-puntuetako hornidura elektrikoa kudeatzeko. Eguaztenean [maiatzak 31] sinatu zuten kontratua udalak eta kooperatibak. Herrian
energia iturri berriztagarri eta seguruen bidez ekoitzitako argindarra kontsumitu ahal izatea izan da udalaren helburu nagusia.
Kontxi Mallea idazkaria, Arkaitz Goikoetxea alkatea eta Santi Otxoa de Eribe Goiener-eko kidea. Argazkia: Munitibarko Udala
Munitibarko Udalak jakitera eman duenez,
lau enpresa aurkeztu ziren udalak antolatutako lehiaketa publikora: Aura Energia SL, Biosfera Protect, Iberdrola eta Goiener. «Kontratazio mahaiak eskaintza denak aztertu eta bakoitzak ateratako puntuazioa kalkulatu ostean, Iberdrola atera zen garaile tarte estuarekin eta Goiener izan zen bigarrena», azaldu dute. Hala ere, Iberdrolagaz hitz egin eta gero, egindako eskaintza ekonomikoan aldaketak egin beharko zituztela adierazi zieten, «lehen eskaintzan 2016ko tarifetan oinarritu zirelako». Beraz, bigarrenarekin hartu emanetan jarri eta eskaintza mantentzen zuenez, Goiener kooperatibarekin kontratua sinatzea erabaki zuen udalak.
Azaldu dutenez, eskaintzak epaitzeko, preziotik haratago doazen
irizpideak izan dituzte kontuan. Alde batetik, kontrataziorako oinarrizko eskakizuna izan dute kontratatutako energia elektrikoaren %100 iturri berriztagarrien bitartez ekoitzia izatea. Aldi berean, eta «kontratazio publiko estrategikoaren» oinarriak beteaz, klausula sozialak eta elebitasunari dagozkienak ipini dituzte, eta kontsumoen hobetze eta aurrezpenerako proposamenak eta energiaren arloan udal zein hiritarrentzako aholkularitza eta formakuntza-saritzen dituzten eskaintzak hartu dituzte aintzat.