Ondarrutarrek Antxoa Egunaren balorazio positiboa egin dute
Ondarroako Udalak Antxoa Egunaren balorazioa egiteko hiru bilera egin ditu; antolaketan parte hartu duten tabernariekin, herriko taldeekin eta elkarte gastronomikoekin bildu dira udal ordezkariak. Bileretan jasotakoaren arabera, balorazioa “positiboa” dela jakitera eman dute udal ordezkariek.
“Herritarrek lanen banaketa eta egunean bertan antolaketan parte hartu zutenei eskainitako arreta ondo baloratu dituzte”, azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak. Halaber, pintxo lehiaketa berreskuratzeko ahalegina ere parte hartzaileek ondo baloratu dutela esan du.
Zer hobetu ere badagoela gaineratu du Bedialaunetak. “Egunean bertan sortutako hondakin kopurua gutxitzeko, plater eta edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko asmoa dauka udalak”.
Jaiaren balorazioa egiteaz batera, udalak jaia antolatzen lagundu zuten herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkie. “Herritarrek egindako lanarengatik ez balitz, ezin izango genuke guretzat hain garrantzitsua den Antxoa Eguna ospatu”.