Berdintasunean oinarritutako eta indarkeria matxistarik gabeko gizartearen alde daukan konpromisoarekin jarraituz, emakumeen aurkako indarkeria jarreren prebentzioa eta honen inguruko sentsibilizazioa helburu izango duen kafe tertulia antolatu du Lekeitioko Udalak. Kalean uso eta etxean otso izeneko solasaldia ekainaren 14an egingo da jubilatuen etxean, 18:00etan.
Udalak jakitera eman duenez, indarkeria jasan duten emakumeei arreta psikologikoa ematen dien profesionala izango da tertuliaren dinamizatzaile. Besteak beste, 15 minutuko film labur bat ere ikusiko dute parte hartzaileek, eta ondoren, indarkeria matxistaren inguruko testigantzak azalduko dituzte, hausnarketarako gune bat sortuaz.
Deialdia zabala da, eta herritarrak ekintza horretara hurbiltzea animatu ditu udalak.