Bilbora, galdera ikurra osatzera
Gure Esku Dago-k deituta, milaka herritar Bilbon batuko dira bihar arratsaldean. Euskadi plazatik Moyua plazarainoko galdera ikurra osatuko dute herritarrek.Erabakitzeko prest gaude, eta libreki eta demokratikoki galdetuak izan nahi dugu Euskal Herriar...
Gure Esku Dago-k deituta, milaka herritar Bilbon batuko dira bihar arratsaldean. Euskadi plazatik Moyua plazarainoko galdera ikurra osatuko dute herritarrek.
Erabakitzeko prest gaude, eta libreki eta demokratikoki galdetuak izan nahi dugu Euskal Herriaren etorkizun politikoa erabakitzeko». Mezu hori zabalduko dute bihar Gure Esku Dago-k deituta Bilbora joango diren herritarrek; galdeketak egin dituzten 142 herrietako bizilagunak, galdeketak prestatzen daudenak edota erabakitze eskubidearen alde dauden herritar guztiak daude Bilbora deituta.Herri dinamikako ordezkariek esan dutenez, «inoiz ikusi gabeko galdera ikur erraldoia» osatuko dute herritarrek; galdera ikurra Euskadi plazatik Moyua plazarainoko tartean osatuko dute. Ekintza 17:30ean hasiko da.
Baina biharko ekintza mosaikoa egitetik haratago joango da. «Bilbon mugarri bat jarriko dugu Herritarron Ituna aurkezteagaz batera». Herritarron Ituna, hain zuzen, euskal komunitate osoari zuzendutako itun demokratikoa dela azaldu dute; «erabakiaren bidean ate berriak zabaltzeko jaio den tresna».
Konpromiso txartelak
Lea-Artibai eta Mutrikuren kasuan, herri dinamikak buru-belarri ibili dira autobusen zerrendak osatu eta konpromiso txartelak saltzen. Eta konpromiso txartel hori eskuratzeaz batera, herritarrek Bilboko ekintzan parte hartzeko globoa ere eskuratu dute. Konpromiso txartelak 2 euro balio ditu. Dirua gastuak finantzatzeko dela esan dute.
«Bilbon bilduko ditugu gaur arte sortutako borondate konpromiso eta ilusio guztiak», esan dute herri dinamikaren ordezkariek. «Herriz herri eta eskuz esku, euskal herritarrok gaur arte erabakitzeko eskubidearen inguruan lortu ditugun adostasunak eta borondateak plazaratzeko unea iritsi da. Denok Bilbora! Eta Bilbotik mundura! Erabakitzeko prest gaude!».
Lanean jarraitzeko asmoa
Beste alde batetik, 2017a amaitzerako, galdeketak eta erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida milioi bat herritar bizi diren eremuetara iritsiko dela diote.
Dena dela, aurrera begira ere Euskal Herri osoan eskubide demokratikoa gauzatzeko lanean jarraituko dutela iragarri dute herri dinamiken kideek, «determinazioz eta anbizioz».