Gizonezko bat atxilotu dute Lekeition ustez garaje batean lapurretan zebilela
Ondarroako Ertzain-etxeko agenteek 33 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur [ekainak 15] goizaldean, Lekeitioko garaje batean lapurreta egiten ahalegintzea leporatuta. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gauerdian herri segurtasunerako patruila bat Lekeitioko garaje batzuetara joan da, pertsona bat barrutik ezin aterata zegoela jakin ostean. Garajera joan diren ertzainek egiaztatu ahal izan dutenez, aparkalekuetako atea itxita zegoen, baina sarrailak indarrez irekita zegoen itxurak zituen.
Polizi iturriek azaldutakoaren arabera, Ertzainak garajeetara sartu direnean barruan harrapatuta zegoena identifikatu dute eta auzo horretakoa ez zela egiaztatu dute. Antza denez, atea indarrez irekita sartu da aparkalekura ustez lapurretan egitera eta bertan harrapatuta gelditu da. Egoera horren aurrean, eta beharrezko egiaztapenak eginda, susmagarria atxilotu eta ertzain-etxera eraman dute dagozkion izapideak bete eta gero, epailearen aurrera eramateko.