Zapatuan [ekainak 17] hasi zen martxan
Lekeitio Open Paleta Argentinar Txapelketa Lekeitioko trinketean. Bi norgehiagoka jokatu zituen lehen taldeko bikote bakoitzak, eta guztietan Lekeitioko bikoteak izan ziren nagusi.
Herriko bi bikote aritu ziren elkarren aurka lehen partidan, eta lehia oso ona izan zela azpimarratu dute antolatzaileek. Izan ere, 20. tantora arte berdinduta ibili ziren bikoteak, emozioa azkenerarte luzatu zutelarik. Azken txanpan, baina, Lekeitio B taldeko
Ander Elordik eta
Txomin Goitiak aurrea hartu eta ihes egin zuten markagailua bera alde ezarri arte. Horrela, Ander Elordik eta Txomin Goitiak
30 eta 21 irabazi zieten
Aimar Goitia eta
Gaizka Lakari.
Lehenengo partidako galtzaileek Gasteizko
Sergio eta
Marioren kontra jokatu zuten hurrengo. Beroketetan ondo ibili ziren Gasteizkoak, baina etxeko frontoia hobeto ezagutzen zuten lekeitiarrek, eta beraz, bigarren partida
30 eta 15 irabazi zuten Aimarrek eta Gaizkak. “Gasteizkoa eta Lekeitiokoa frontoi ezberdinak dira. Lekeitiokoa Argentinako trinketeen antzekoagoa da eta etxekoek, ertz guztiak dituzte harrapatuta”, azaldu dute antolatzaileek.
Hirugarren partidan ere, Lekeitioko Elordi eta Txomin aurrean jarri ziren hasieratik eta abantaila hori ezin izan zuten gainditu Gasteizko Sergiok eta Mariok.
30 eta 17 irabazi zuten Lekeitiokoek.
Aspaldiko urteetan ez da Paleta Argentinar modalitateko txapelketarik jokatu Lekeition eta ikusleek
gustura hartu dutela aitatu dute antolatzaileek. “Ezberdina da ikusteko eta publikoari gustatu zaio”.
Datorren zapatuan [ekainak 24] izango dute pilotazaleek bigarren kanporaketagaz gozatzeko aukera. Oraingoan, baina, partidak
10:30ean hasiko dira.
PARTIDAK (Ekainak 24, zapatua)
- Lekeitio A (Aboitiz-Jabi)/Mallabia (Garcia-Ardohain)
- Lekeitio A ( (Aboitiz-Jabi)/Iparralde (Lataillalde-Etcheberry)
- Mallabia (Garcia-Ardohain)/Iparralde (Lataillalde-Etcheberry)