Otoio Igoera Ispasterko Udala Saria Krono-MTB proba antolatu dute lehenengoz Ipargorri Kirol Elkarteak eta Ispasterko Udalak.
Ume, gaztetxo eta nagusien probak egongo dira
zapatu honetan [ekainak 24]. Nagusien proban aldez aurretik izena emateko aukera eman dute (barikuko 23:00ak arte izena eman daiteke);
Internet bidez izena eman ahal da.
Izena ematerakoan 5 euro ordaindu behar dira. Halaber, egunean bertan ere izena eman ahalko da, prezio berean. Ume eta gaztetxoentzat, ostera, doako proba da.
Hain zuzen ere, zapatuan
15:00etatik aurrera izena eman ahalko da plazan, eta dortsalak ere ordu horretan banatuko dituzte.
16:00etan hasiko da 7 eta 10 urte bitarteko umeen proba, eta ordu laurden beranduago (16:15) aterako dira 11 eta 14 urte bitarteko ume eta gaztetxoak. Udalerriko plazatik irtenda, lehenengoek 1.200 metroko tartea burutuko dute bizikletekin, eta besteek, berriz, 2 kilometro egingo dituzte.
Nagusien lehia
17:00etan hasiko da, eta Otoi mendiko antenara heltzeko 3,4 kilometroko ibilbidea (273 metroko desnibelagaz) burutuko dute.
Kronoigoeraren irabazleak txapela, 250 euro eta Lea-Artibaiko produktuez osatutako otzara jasoko ditu. Bigarren sailkatuak 200 euro eta Lea-Artibaiko produktuez osatutako otzara irabaziko ditu, eta hirugarrenak, 150 euro eta Lea-Artibaiko produktuez osatutako otzara.
Gainera, laugarren eta hamargarren sailkatuen artean geratzen direnentzat ere diru-sariak egongo direla jakitera eman dute. Halaber, ume guztiek jasoko dute saritxoa.
Bestalde, hiru probetako parte hartzaile guztien artean
bost zozketa egingo dituzte. “Herriko Tabernan bi pertsonentzako afaria, Areitz-Bi jatetxean bi pertsonentzako afaria eta Otoio Kirol dendan gastatzeko 50 euroko hiru bonu zozkatuko ditugu”.
Parte hartzeko deia. “Lasterketa herrikoia da, eta ume, gazte zein nagusiak parte hartzera animatzen ditugu”, adierazi dute Ipargorri Kirol Elkartekoek.