Iaz bezala, aurten ere Markina-Xemein eta Gernika-Lumoren artean erabakiko da Bizkaiko Herriarteko Zesta-Punta Txapelketa. Bihar [ekainak 23],
18:00etan jokatuko da finala
Markina-Xemeingo Unibertsitatean.
Kadete, gazte eta nagusiak aterako dira kantxara, ordena horretan. Hala, finala jokatzen lehenengoak Markina-Xemeingo Zesta-Punta Taldeko
Alex eta Ander eta Gernika Jai Alai eskolako
Arratibel eta Unda izango dira. Gazteen mailan, berriz, Markina-Xemeingo
Gorka eta Danel eta Gernika-Lumoko
Leke eta A. Urrutxuaren arteko partida jokatuko da, eta azkenik, Markina-Xemeingo
Meabe eta Elkoro I eta Gernikako
X. Urrutxua eta Learreta nagusien mailako bikoteen norgehiagoka.
Markina-Xemeingo Zesta-Punta taldeko pilotariak Santi Olabe entrenatzaileagaz txapelketa irabazi ondoren. Argazkia: Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskola
Hirugarren urtez finalean egongo da Markina-Xemeingo taldea. Iaz, txapela janztea lortu zuten, eta aurten ere Bizkaiko sari nagusia eskuratzea bilatuko dute. Gernika-Lumoko bikoteek, hala ere, ez dituzte gauzak erraz jarriko eta iazko arantza kendu eta garaipena bere egitera aterako dira Pilotaren Unibertsitateko kantxara.