Ondarroako Gazte Eguneko txaranga "arriskuan" dagoela esan dute
Gazte Egun indartsua egin nahi dute aurten Ondarroan. Eta helburu horri jarraituz, 100 gaztetik gora egun hori antolatzeko buru-belarri lanean ari dira. Aurten, antolakuntzan gazte asko ari direla parte hartzen eta, denek denentzat egindako Gazte Eguna egingo dutela iragarri dute. “Orain arte ez modura, aurten ez da egongo mugarik kamisetak erosi edota bazkarian parte hartzeko“, azaldu dute Gazte Eguneko Komunikazio Taldeko kideek.
Hori bai, Gazte Egunean kalejira egiteko txarangarako jendea behar dutela esan dute. Beraz, instrumenturen bat jotzen dakitenei dei egin diete. Horiek ondoko posta elektronikora mezu bat idaztea nahikoa izango dute: ogaondarru@gmail.com. “Gazte Eguneko txaranga arriskuan dago! Zuen parte hartzea behar dugu! Ez utzi txaranteoa desagertzen!”, gaineratu dute.
Bestalde, herriko gazteriaren artean dagoen indarra handia dela eta, lantalde berri bat sortu dutela esan dute: Gazte Problematikak. Talde horren helburu nagusia gazteek dituzten arazoak antzeman eta horiei erantzun bat ematea da.
Gazte Eguneko kamisetaren marrazkia. Eta gazteen arteko elkarlan horren harira, Gazte Eguneko kamiseten leloa eta kolorea ere erabaki dutela azaldu dute. “Orain, baina, marrazkia aukeratu behar dugu”. Marrazki egokia aukeratzeko, marrazki ezberdinak batu eta bozka bidez aukeratuko dutela esan dute. “Norbaitek bere marrazkia gazte guztion kamisetetan ikusi nahi badu, barikurako [ekainak 30] marrazkia gaztetxean utzi edo posta elektronikoz bidali beharko du (ogaondarru@gmail.com)”.