"Hamaika kolore eta borroka zoriontsu izateko" ekitaldia antolatu du Lekeitioko ezker abertzaleak

Hamaika Kolore eta borroka zoriontsu izateko leloa darabil Lekeitioko ezker abertzaleak, azken asteetan ahotan, eta bera izango da bihar, [uztailak 1], antolatu duten kalejira, ekitaldi eta afari herritarretan lau haizetara zabalduko duten ideia ere. Ezker abertzalea, hamarkada luzeetan, borroka eta aldarrikapen askotarikoentzat bilgune eta erreferentziazko mugimendua izan dela diote. “Asko eta asko izan gara eremu, kolore edota kezka ezberdinetatik herri honen askatasunaren alde lanean ibili garenak; herritarrak libre eta zoriontsuak izango garen agertoki hori behin eta berriz amestu dugunak”. Eta aurrerantzean ere, herritar askez osatutako herri burujabea bizitzeko, beharrezkoa izango dela diote, “bizipozean oinarritutako mugimendu politiko anitz eta errebeldea; ezkerretik koloretsu arituko dena”. Horren harira dator, biharko Lekeitioko ezker abertzaleak antolatutako ekimena. “Izan ginenetik abiatuz eta garai berrietara egokitutako mugimendu eraldatzailea birdefinitzen ari gara, eta kalera irteteko momentua ere heldu zaigu hamaika kolore eta borroka bildu nahi dituen Sorturen izarraren inguruan”. Aurreko asteetatik dabil lanean Lekeitioko ezker abertzalea. Gora Lekitto ezkerretik koloretsu aldizkaria argitaratu eta etxe guztietara banatu dute alde batetik, eta herriko dinamika ezberdinetan dabiltzan 100 bat lagunek, bihar Zita hostalaren aurrean jarriko duten zortzi koloretako izarra marraztu dute bestetik.
Lekeitiar batzuk izarraren atal bat margozten

Lekeitiar batzuk izarraren atal bat margozten. Argazkia: Lekeitioko ezker abertzalea

Biharko [uztailak 1] EGITARAUA hurrengoa izango da:
  • 19:30ean. Poteo koloretsua Galarrenatik hasi eta Zita hostalaren aurreraino. Bertan, azken asteetan 8 arlo ezberdinetan lanean aritu diren 100 bat lagunen artean marraztutako izarra horman josi eta argazki herritarra aterako da.
  • 21:00etan. Ekitaldia Merkatu Plazan.
  • Ostean. Afaria Merkatu Plazan.
HONEKIN LOTUTA: Gora Lekitto ezkerretik koloretsu aldizkaria