Ondo pasatuz, ahalik eta ikuskizunik onenak eskaintzeko lan egiten dute Lekittoko Deabruek; bost urteko ibilbidea beteta,
‘Anabasa’ dakarte
gaur [uztailak 7], 23:30ean, Lekeitioko Independentzia plazara, Kaleka 28. Kale Antzerki jaialdiaren baitan.
Kobeaga, eskumatik lehen tente, gainerako deabruekin
Lekeitiora dakarzue gaur Anabasa azken ikuskizuna,. Garrantzitsua da zuentzat herrikoen iritzia?
Lekeitiarren bedeinkapenik barik ezin dugu jakin ikuskizuna ona den ala ez. Lekeitiok lotura berezia dauka mota honetako ikuskizunekin, eta gugaz kritikoenak direnak ere lekeitiarrak dira. «Aurten su gutxiago erabili dituzue» eta antzeko esaldiak berton bakarrik entzuten ditugu. Hori bada nahi dutena, hori bera ematen saiatzen gara.
Kale Antzerkiak zer suposatu du zuen ibilbidean?
Jaialdiari esker ikuskizun piroteknikoak ezagunak egin dira Lekeition, eta horrek jendeari suarekiko ikara galtzea ekarri du. Guk erabiltzen dugun piroteknia ez da arriskutsua; jendeak parte hartzeko pentsatutako sua erabiltzen dugu. Lekeitiarrak ohituta daudenez, segituan animatzen dira su tartera, eta hori guretzako plazer bat da. Beste leku batzuetan, jendea ikaratu egiten da, eta hori ez da atsegina izaten, guk bilatzen duguna jendearen parte hartzea da eta. Guretzako berezia izaten da herrian antzeztea; alde batetik, bertakoak garelako, eta bestetik, jendearen parte hartzea beste inon baino handiagoa delako.
Entseguak noiz eta nola egiten dituzue?
Astean bi aldiz batzen gara normalean. Egun baten materiala prestatzen dugu, eta bigarrenean entsegatu egiten dugu. Leku zabala behar izaten dugu, eta ikastolako jolastokia erabiltzen dugu normalean. Ikastolari eskerrak eman nahi genizkioke. Izan ere, jolastokia itxita dagoenean ere zabaldu eta entsegatzeko aukera ematen digute. Hori bai, ikuskizun garrantzitsuak ditugunean edota zerbait berria prestatzen gabiltzanean, gehiagotan batzen gara. Anabasa ikuskizuna prestatzeko, adibidez, maiztasun handiagoagaz batu izan gara; azken asteetan ia egunero batu gara, 5-6 aldiz.
Anabasa Leioan estreinatu zenuten apirilean.
Itzelezko plaza eduki genuen aurkezpenerako, Umore Azokaren baitan. Jardunaldiek antzezlan eta antzerki talde asko eta ikuskizunak programatzen dituzten managerrak-eta batzen ditu. Beraz, han egon ahal izatea oso aukera ona izan da gure lana erakusteko.
Egindakoagaz pozik zaudete?
Oso-oso pozik gaude. Urte guzti honetako lana asko igartzen da ikuskizun honetan. Uste dugu aurrerapauso bat eman dugula, eta hau azken hilabeteetako lanari esker izan da; asko entsegatu dugu, eta denbora asko eskaini diogu atrezzo dena prestatzeari, ikuskizuna bera ere ikusgarria izateko. Azken finean, ‘Anabasa’ ikuskizunak egin dugun lan guztia islatzen du.
Uda bete-betean egonda, zer nolako agenda daukazue?
Guretzat uda da ikuskizun gehien eskaintzeko sasoia. Emanaldi batzuk lotuta dauzkagun arren, seguru gaude emanaldi gehiago eskaintzeko ere deituko digutela. Oro har, taldeko kideok gogotsu gaude; gugaz harremanetan jarri nahi dutenek erraz aurkituko gaituzte. Proposamen guztiak entzuteko zabalik gaude.
‘Anabasa’ ikuskizuna