Gizonezko baten gorpua aurkitu dute A Coruña parean, 'Espe Primero' ontziaren salbamendu baltsaren ondoan
Itsas Salbamenduko kideek azaldu dutenez, 13:00ak aldera arrantza ontzi batek aurkitu du gizonezko baten gorpua Espe Primero izeneko ontziaren salbamendu baltsa baten ondoan. Gorpua A Coruña parean (Espainia) aurkitu dute. Salbamendu baltsaren kutxa zabaldu gabe zegoela baieztatu dute Itsas Salbamenduko kideek. Dena dela, gorpua uztailaren 3an desagertutako 57 urteko lekeitiarrarena dela ez dute baieztatu. “57 urteko lekeitiarra izan liteke, baina oraindik DNA frogak egin behar dizkiogu”.
Komunikabide batzuek gorpua uztailaren 3an desagertutako lekeitiarrarena dela baieztatu badute ere, Itsas Salbamenduko kideek informazio hori oraindik ez dagoela baieztatuta esan diote HITZAri.
Itsas Salbamendua, Ertzaintza eta Gurutze Gorria uztailak 4an 10:20ean hasi ziren desagertutako gizonezkoaren bila. Ertzaintzak azaldu zuenez, bilaketa lanak itsasontziz, helikopteroz eta hegazkinez hasi ziren egiten. Dena dela, bilaketa lanak Itsas Salbamendu taldeak koordinatu ditu.
Uztailak 4an Oriotik Matxitxako lurmuturrerainoko eremuan egin zuten bilaketa. Uztailaren 5ean, ostera, Bermeo eta Lemoiz inguruetan ibili ziren miatzen. Uztailaren 6an bilaketa lanak itsaso barru-barruan zentratu zituzten, Ondarroa eta Santoña arteko eremuan; kostatik 30 miliatara ibili ziren (atunontziak arrantzan ibiltzen diren eremuan).
Behin asteburura ailegatuta, bilaketa lanak intentsitate baxuagoagaz egiten hasi ziren. “Bilaketa alternatiboak egiten hasi ginen kostalde osoan”, esan zuten Itsas Salbamenduko kideek.
Zehaztu dutenez, bilaketa lanetan 34.000 kilometro karratu miatu dituzte. “Asturiasetik Frantziako kostarainoko eremuan egin dira bilaketa lanak”.