Ertzaintzak eta Itsas Salbamenduko kideek
kasua itxi dutela baieztatu dute. “Atzo [uztailak 11] azken orduan ohar bat jaso genuen esaten aurkitutako gizonezkoaren gorpua eta uztailaren 3az geroztik itsasoan galduta zegoen lekeitiarrarena bat zetozela”, azaldu dute ertzainek; itsasoan galdu eta
zortzi egunera bilatu dute. Dena dela, oraindik ere familiaren konfirmaziorik ez dutela eta autopsiaren emaitzak ere ez dituztela jaso esan dute.
Salbamendu taldeek atzo eguerdian segituan baieztatu zuten Cariño herriaren inguruan (Galizia) aurkitutako gorpua
Espe Primero ontziaren salbamendu baltsaren ondoan agertu zela. Eta lekeitiarraren ontzia hori bera zenez, uste izan zuten gorpua ere berea izango zela. “Baina hori ziur-ziur esan ahal izateko frogak egin behar izaten dira”.
Gorpua agertu zen ingurua.
Itsas Salbamenduko kideek atzo azaldu zutenez, 13:00ak aldera arrantza ontzi batek aurkitu zuen gorpua
Espe Primero lekeitioko ontziaren salbamendu baltsa baten ondoan; baltsa zabaldu barik zegoen.
Bilaketa lanak. Itsas Salbamendua, Ertzaintza eta Gurutze Gorria uztailak 4an
10:20ean hasi ziren desagertutako
gizonezkoaren bila. Ertzaintzak azaldu zuenez,
bilaketa lanak itsasontziz, helikopteroz eta hegazkinez hasi ziren egiten. Dena dela, bilaketa lanak Itsas Salbamendu taldeak koordinatu ditu.
Uztailak 4an
Oriotik Matxitxako lurmuturrerainoko eremuan egin zuten bilaketa; 7.000 metro karratuko eremua miatu zuten (Bizkaiak, Gipuzkoak eta Arabak osatzen duten lurraldearen besteko eremua) . Uztailaren 5ean, ostera,
Bermeo eta Lemoiz inguruetan ibili ziren miatzen. Uztailaren 6an bilaketa lanak itsaso barru-barruan zentratu zituzten, Ondarroa eta Santoña arteko eremuan; kostatik 30 miliatara ibili ziren (atunontziak arrantzan ibiltzen diren eremuan).
Behin asteburura ailegatuta, bilaketa lanak
intentsitate baxuagoagaz egiten hasi ziren. “Bilaketa alternatiboak egiten hasi ginen kostalde osoan”, esan zuten Itsas Salbamenduko kideek.
Zehaztu dutenez, bilaketa lanetan 34.100 kilometro karratu miatu dituzte. “Asturiasetik Frantziako kostarainoko eremuan egin dira bilaketa lanak”.