Diego Beaskoetxeak eta Jonathan Etxebarrieta
Etxeba III.ak irabazi dute uda honetako lehen Master Series txapelketa. Bete beteta zegoen Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitatean lortu zuten udako lehen garaipena Markina-Xemeingo atzelariak eta Beaskoetxeak, azken setean berdinketa hautsita.
Lehenengo setean Aldazabal anaiak baino hobeto aritu ziren Beaskoetxea eta Etxeba. Herrikoa tinko mantendu zen atzean eta Beaskoetxea eraginkor aurrean, horrela, aurrea hartu zuten lehen setaren erdialdera eta amaierara arte aldeko mantentzea lortu zuten.
Etxeba, Beaskoetxea, Ibon eta Aimar Aldazabal sari banaketan, txapelketaren antolatzaile eta udal ordezkariekin. Argazkia: Jai Alai News
Bigarren jokoa aldiz, ezberdina izan zen. Gorriak ez ziren bat ere ondo hasi, eta Aldazabal anaiek hasierako 0-6tik aurrea hartu eta setari buelta emateko aukerarik ere ez zuten utzi.
Berdinketa hausteko 5 tantuko set-a jokatu zuten bi bikoteek, eta lehen hiru tantuak jarraian lortuta, gorriek finala ia eskuetan izan zuten hasieratik. Azken tantua, baina lehiatua izan zen. Txokora dejada eginda lortu zuten garaipena gorriek.
Desafioa. Jaialdiko bigarren partidak,
Goikoetxea-Lekerika eta
Erkiaga-Irastorzaren artekoak ere, publikoaren interesa eragin zuen. Zumaiarrak partida bikaina jokatu zuen eta lehen tantotik argi utzi zuen joko ona erakusteko prest zegoela. Erkiaga ere ez zen atzean geratu eta partida bikaina jokatu zuen, tantoak hegaletik errematatuz.
Pilotaren Unibertsitatea bete egin zen Karmen Eguneko partidak ikusteko. Argazkia: Jai Alai News
Partida berdindua izan zen, baina 10. tantoan Goikoetxeak eta Lekerikak 2 edo 3 tantoko aldea lortu zuten. Hala ere, 25. tantoan Erkiagak eta Irastorzak partida berdintzea lortu zuten eta 27. tantoko berdinketaren ondoren, aurrea hartu zuten. Partida luze bezain gogorra izan zen, eta zirudienez, Lekerikari nekeak gehiago egin zion amaieran. Hala, azken aldera egindako akatsek erabaki zuten desafioa,
35 eta 30 Erkiaga eta Irastorzaren alde.