Indartsu hasi eta amaitu dira Markina-Xemeingo Karmen jaiak
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Iaz Castellersak bezala, aurten Peraltako erraldoien eta dultzaineroek sortu dute ikusmina erraldoi ikaragarriak erabili zituzten dantzan-eta herrian zehar. Zelaia dantzan. Goiko Portalean Larrain Dantza egin eta gero, jai giroa Zelaian egon zen batez ere, Kuadrilla Egunean. Eta bazkalostea Herritxouak girotu zuen. Guztira 11 taldek eskaini dute emanaldia aurten, eta beti bezala musika, umorea eta dantza izan dira protagonistak. Oraingoan ere, Zelaian batutakoak ere dantzan jarri zituzten Abarka antzerki taldekoek. Dantzak gainera, ez zuen etenik izan. Mahaiak eta aulkiak batuta, erromerian jarraitu zuten batzuek Zelaian, eta txarangaren atzetik dantzan ibili ziren beste asko alde zaharrean zehar. Domekan [uztailak 16] ospatu zuten markina-xemeindarrek egun nagusia, eta urtero legez, Xemein abesbatzak abestutako mezaren ostean aurreskua egon zen Goiko Portalean. Bero handiaren eraginez, Arkupean barik eguerdiko kontzertua Kontzekupean eskaini du aurten Debako bandak. Karmen Egunez ez dira falta izan herri kirolak, zesta partidak, bertso saioa ez eta mariatxiak ere, eta guztiek izan dute publikoaren erantzun ona.[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Jaiak iraun duten bitartean, txistularien kalejiragaz hasi da herria esnatzen egunero, eta atzo [uztailak 17] ere jairako deia egin zuten herriko txistulariek. Aurten egunero ume eta gaztetxoei begirako ekimenak eskertu badituzte ere, atzo izan zuten euren eguna eta goizetik gozatu zuten. Zelaiko eta Arkupe aurreko parke eta guneetan ibili ziren gustura puzgarrietan saltoka eta gora eta behera. Eta, zelan ez, Goazeneko lagunekin dantzarako eta kanturako duten trebetasuna ere erakutsi zuten. Markina-Xemeingo Karmen jaietako zesta-punta finalak ere jokatu ziren atzo goizean. Erika eta Denis izan ziren irabazleak benjamin mailan eta Osoitz eta Atain txikietan. Benjamin eta txikien mailako azpitxapeldunak, berriz, Julen eta Jokin eta Iñigo eta Aner izan ziren. Mus eta Briska txapelketak jokatu ziren arratsaldean Plazabarripean. 46 bikotek egin zuten briskan eta 47k musean. Briskako txapeldunak Idoia Zenikazelaia eta Asun Garitagoitia mallabiarrak izan ziren, eta musekoak, berriz, Memex eta Boni. Kantuan ere ibili ziren herritarrak gustura iluntzean, eta frontoiko Sinergia ikuskizunaren ondoren erre zuten Alarabi Zelaiaren erdian, su festagaz lagunduta, 2017ko karmen jaiei amaiera emateko.