Lekeitioko Udal Gobernuak uztaileko arratsaldeetan kultur etxea itxita egotearen arrazoiak eta udal gobernuak burututako lan ezberdinei buruz zituzten zalantza guztiak argitu dizkio Lekeitioko EH Bilduri. Edozein momentutan daturen bat kontsultatu nahi izanez gero, udaleko arlo ezberdinetara jo dezaketela ere gogora ekarri diete.
Joan den urteko uztailean eta abuztuan
kultur etxeko erabilpena neurtu zutela jakitera eman du Lekeitioko Udalak, eta neurketa horren emaitzen arabera, uztaileko erabilpena abuztukoa baino txikiagoa zela ikusi zuten. “Horrela, eta langileen urteko egutegia egiterakoan, aldaketa eta hobekuntza batzuk egitea proposatu eta erabaki zen”. Beraz, liburutegia azterketa garaian itxi beharrean uztailean arratsaldez zarratzea erabaki dute.
Lekeitioko kultur etxea.
Bestalde, 2017ko urte hasieran eta urteetako eskaerari irtenbidea eman nahian, udalak Lekeitioko rock taldeekin hitzarmen bat sinatu zuen, eta kultur etxea itxita dagoenean ere, lekeitioko taldeek rock gela erabili ahal dute autogestioaren bidez.
Uztailean zehar batzar gelen
erabiltzaileak oso gutxi direla gaineratu dute. “Gehienak udal batzordeak dira eta kasu hauetan kultur etxean mantentzen dira. Gainontzekoak jubilatuen egoitzak dituen geletara bideratzen dira”. Azkue aretoaren erabilera, berriz, erabiltzaileen ardurapean erabil daitekeela azaldu dute, eta Gababus zerbitzueran txartelen salmenta goizera pasatu dute.
Zalantzak. 2017ko aurrekontuak proposatzerakoan eta onartzerakoan zenbait
irizpide izan zituztela kontuan gogora ekarri dute Lekeitioko Udaleko arduradunek: 2016ko aurrekontu berdina mantentzeko apustua; hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoak betetzea, horretarako beharrezkoak ziren ekintza, programa eta zerbitzuak aurrera eramanez; eta udal eraikinak baldintza egokietan ipintzen jarraitzea. “Izan ere, egoera kaxkarrean eta kasu batzuetan egoera larrian aurkitu ditugu aurreko agintaldiko urteetako mantenimendu faltagatik”.
Herri lanen arloan, herria irisgarriagoa egitea, arazoak sortzen dituzten guneei irtenbidea ematea eta kaleen mantentze eta hobekuntza lanak burutzea dituztela helburu gaineratu dute. Eta bide horretan gauzatu dituzte EH Bilduk galdetutako lanak.
- Herriko baranden pintaketari dagokionez, auzokideen eskariari erantzunez, beste hobekuntza batzuen artean Agirre Soarte, Kasimiro Etxebarria eta La Merced kaleetako baranda, paper ontzi, kaleargi eta eserlekuen margoketak egin dituztela azaldu dute. “Aurreko agintaldian Aldamiz-Etxebarria eta beste hainbat auzotan ez zen inolako eskuhartzerik egin. Mantentze lanak beharrezkoak ziren”. Lan horiek guztiak herriko edo inguruetako enpresekin burutu dituztela zehaztu dute, eta inbertsioa 22.205,92 eurokoa izan da.
- Bestalde, San Pedro jaiak direla eta, urtero Sanpedropeko pintadak kentzen direla zehaztu du udalak, eta lan hori udal langileek egin dutela esan du. Azaldu dutenez, aurten bost egunetan azaldu da herria pintadaz beteta, eta horiek kentzeko kostua 8.946,58 eurokoa izan da.
- Elizapeko burdinak, berriz, elizarenak izanik, udalak ez dituela margotu argitu dute.
- Plaza inguruko kaleargietako lorak garbitasun enpresak jartzen dituela azaldu du udalak. “Aurten, kaleargietako lorez gain, udaletxeko goiko balkoian ere jarri dira”, zehaztu dute. Lora horiek jartzeak udalari ez diola ezelako kosturik suposatu argitu dute. “Hau urtero egiten izan da 2011tik 2014ra izan ezik. Lora horien mantenua udaleko kale lantaldeak egiten du”.
- Portuko aparkalekuko araudi berriko inplementazioari buruz, portua oinezkoentzako eskuratzea herritarren urteetako eskaera izan dela nabarmendu du udalak, eta 2016 urtean egindako Pasaia Planaren parte hartze prozesuan agertzen dela azaldu du. Herritarrek aparkatzeko lehentasuna daukaten guneen ekimena, berriz, hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoa dela gogora ekarri dute. Hiru gune markatu dituzte, eta inbertsioa 18.454,37 eurokoa izan da.
- Udalak esan duenez, eskolapeko kioskoa, ostera, udal beharginek aldatu dute lekuz. “Kamioi bat kontratatu zen beste lan batzuk egiteko eta hori aprobetxatuta udal langileek kioskoa lekuz aldatu zuten”. Bestalde, moilako edukiontziari behin-betiko irtenbide bat eman bitartean egurrezko itxiera bat jartzea erabaki dutela esan dute. Itxieraren kostua 5.124,35 eurokoa izan da.
- 2016ko neguko ekaitzak San Juan Talako inguruan eragindako kalteen ondorioz, gunea modu seguruan erabiltzeko eta itoginak konpontzeko beharrak egin ditu udalak. Tartean Ekaitzeko hormairudia ere konpondu dutelarik. “Kirol esparruan oraindik emakume eta gizonen arteko berdintasuna falta denez, emakumeak ere kirol munduan dabiltzala isalatu eta hauen lana ikustarazteko helburuagaz egin da murala”. Guztira, 132. 020,62 euroko inbertsioa egin du udalak eta hormairudiak 4.598 euroko kostua izan du. “Herrian ezaguna den artista batek egin du”.
- Udaletxeko lehen solairuko balkoia ere konpondu dute. Azaldu dutenez, 2017ko urtarrilean udaltzainek txosten bat egin zuten udaletxeko lehen solairuko balkoiaren egoeraren berri emanez. “Udaleko hirigintzako bulego teknikoak udaltzainen txostena baieztatu eta balkoiaren egoera larria zela adierazi zuen”. Ondorioz, “herritarren segurtasuna bermatzeko” balkoia konpontzea erabaki zuten. Egindako lanek 7.613 euroko kostua izan dute eta herriko enpresa batek burutu duela zehaztu dute.
- Kontratatu dituzten langileei dagokionez, 2016 urtean mugikortasun eta hiritartasun laguntzaile lan-poltsa bat eratu zutela jakitera eman du udalak. “Aldi baterako premiak estaltzeko, gehian bat uda sasoian”. Behargin horiek ibilgailuen trafikoa eta oinezkoena ahalbideratu eta udal ordenantzak betearazteko begirale lanak egiten dituztela azaldu dute. Horrela, bi pertsona kontratatu zituzten iazko udan eta aurten, lau pertsona kontratatu dituzte ekainaren 26tik irailaren 10era. Horrez gain, udaberrian, Lekeitioko Udaleko kaleko lantaldearen lan karga handia zela iritzita, herriko loregintza enpresa bat kontratatu zuten bedarra mozteko. Zerbitzu horrek 7.118 euroko kostua izan du.