Euskal ezkontzarik berezienatarikoa ikusi ahalko da bihar, Lekeition
Gora Buru kultur elkarteak 41. Euskal Ezkontza egingo du bihar. Gaur gurdia jantziko dute. Alurr dantza taldeak ikuskizun berria estreinatuko du biharBeste behin ere, Lekeitioko Gora Buru elkarteak punta-puntako Euskal Ezkontza irudikatuko du. Goitik b...
Gora Buru kultur elkarteak 41. Euskal Ezkontza egingo du bihar. Gaur gurdia jantziko dute. Alurr dantza taldeak ikuskizun berria estreinatuko du bihar
Beste behin ere, Lekeitioko Gora Buru elkarteak punta-puntako Euskal Ezkontza irudikatuko du. Goitik behera antzinako arropa traidizonalez jantzita eta Europa mailan zaharrena bezala katalogatuta dagoen gurdiagaz, beste inon ikusi ezin den ikuskizuna eskainiko du kultur elkarteak. Gaur gurdia jantziko dute, eta ezkontza bihar egingo dute.41. Euskal Ezkontza izango da, eta elementu guztiak mimoz eta ilusioz prestatu dituzte. «Guzti honen atzean lan handia dago», diote Gora Burukoek.
Aurten aparteko ezer berezirik egingo ez dutela badiote ere, berrikuntza bat egongo da. «Aipatu behar da aurten Alurr dantza taldeak hamar urte beteko dituela guri laguntzen hasi zenetik. Eta, ondorioz, urteurren borobil hori ospatzeko, Maruxak, sorginekeriaren sorterri ikuskizuna estreinatuko dute Lekeition».
Ikuskizun horrek kristautasuna eta lehengo siniskerak nola uztartzen duten erakusten du.
Ostera antzean, eguraldia aldeko edukitzea eta dena ondo-ondo ateratzea espero dute: «Lehen domekan egiten genuen ezkontza, baina iaz zapatura pasa genuen. Eta bete-betean asmatu genuen; jendetza batu zen».
Beste herri askotan ere kontu handiz eta ahalik-eta ondoen egindako Euskal Ezkontzak ikusteko aukera egoten bada ere, Gora Buruk erabiltzen dituen elementuen balio historikoa dela eta, Lekeitioko Euskal Ezkontzak balio erantsi bat dauka. Eta herritarrei gerturatzeko eta ikuskizunagaz gozatzeko gonbitea egin diete kultur elkartekoek.