Donibane Lohizunen jokatuko dute Lea-Artibai eta Mutrikuko puntistek
AVIA Xistera Zirkuituaren iraileko lehen jaialdia jokatuko da asteburuan, Donibane Lohitzuneko Campus pilotalekuan. 2017ko Zirkuituko laugarren jaialdia izango da, eta kanporaketak zapatuan [irailak 2] jokatuko dira, 18:00etatik aurrera. Finalak, aldiz, hilaren 8an lehiatuko dira, 20:30etan hasita.
Lea-Artibai eta Mutrikuko zazpi puntistak hartuko dute parte Donibane Lohizuneko norgehiagokan. Gazte mailan, Berriatuko zesta-punta eskolako Unax Vidal Galdos eta Markina-Xemeingo eskolako Adrian Muñoz Garcia aurrelariak eta Mutrikuko Markel Andonegi Ibarrola atzelariak hartuko dute parte. Nagusien mailan, ostera, Berriatuko eskolako Antxon Alberdi Barrutia eta Julen Iriondo Gisasola etxebarritarrak ariko dira aurrean, eta Markina-Xemeingo Jon Mandiola Goiogana eta Mutrikuko Mikel Manzisidor Txurruka atzean.
Jaialdi horretako formatua ohiko bera izango da, hau da, kiniela formatuan jokatuko dira zapatuko kanporaketak, bikoteetako batek hamabost puntu lortu arte. Bikoteen zozketa norgehiagoka hasi baino minutu batzuk lehenago egingo dela jakitera eman dute antolatzaileek.