Beste behin ere,
Cabaret Chihuahua antzerki musikala marka guztiak hausten ari da. Hala, Euskalduna Jauregiko arduradunek ikuskizuna beste hiru egunez luzatzea adostu dute: irailaren 7tik 9ra ere ikusgai egongo da.
Hasiera batean, saioak abuztuaren 29tik irailaren 3ra arte ziren eskaintzekoak. Orain, baina, sarreren salmentak «oso ondo» doazela ikusita eta orain arteko emanaldietan sarrera guztiak saldu edota aretoa ia-ia bete egin dela ikusita, luzatzea adostu dute. «Aktoreok oso pozik gaude azken berriagaz. Euskaldunako saioak hasi aurretik bagenekien ondo funtzionatuko zuela, baina
arriskatu ere egin ginen», dio
Ugaitz Alegria musikalean parte hartzen duen aktore ondarrutarrak.
Euskaldunako arduradunek orain arte Madrildik edo beste leku batzuetatik ekartzen zituzten obrak. «Aurten, ostera,
Cabaret Chihuahua-k orain arte primeran funtzionatu duela ikusita, Euskaldunara eramatea erabaki zuten. Eta publikoaren
erantzunagaz pozez zoratzen daude». Alegriak azaldu duenez, Euskaldunakoak ez daude bakarrik pozik sarrerak ondo saltzen ari direlako. «Emanalditik jendea nola ateratzen den ikusteak ere asko pozten ditu».
Aktoreak ere pozik. Bestalde, aktore taldea ere poz-pozik dagoela azaldu du Alegriak. «Musikalagaz lau urte daramatzagu, eta azken finean, Euskaldunan aritzea guretzako ere errekonozimendu bat da».
Horrela ba, irailaren 7tik 9ra beste hiru saio eskainiko dituzte; hiru emanaldi horiek 20:00etan izango dira, eta sarrerak salgai daude. «Nik ez nuen uste emanaldiak luzatuko zituztenik ere».
Euskaldunan eduki duten publikoari dagokionez, Euskal Herri osotik etorritako jendea eduki dutela diote. «Eta nola ez, orain arte legez, Lea-Artibai eta Mutrikutik ere jende asko etorri da. Eskertzekoa da, benetan».
Musikalaren arrakastari buruz galdetuta, Alegriak dio fenomeno bat bihurtu dela. Izan ere, asko izan dira behin baino gehiagotan ikusi dutenak. «Batzuk bikoteagaz etorri izan dira, baina gero berriro ere lagunekin, lankideekin… ere etorri dira».