Jaiak amaitu bezain pronto, Potxuak Martxan eta Lekittoko Neska Gaztiak taldeek jaien balorazioa egin nahi izan dute. Euren esanetan, jaiak ez dira erosoak izan, “erasotuak” baino.
Antza Eguneko bortxaketaz gain, Lekeitioko San Antolin
jaietan bestelako erasoak ere egon direla baieztatu dute bi taldeek. “
Gutxienez hiru gertatu dira. Txosnetan bat, eta erasotzailea txosna gunetik kanporatua izan zen. Erasotuari, bestalde, babes osoa eskaini zitzaion. Antzar Egunean, gauean, plazako kontzertuetan musikariek beste erasotzaile bat plazatik kanporatu zuten”. Taldeek salatutako bi eraso horiei
sexu erasoarena gehitu behar zaie.
Dena dela,
emakumeen aldeko irudi politik ere egon dela esan dute. “Txanponaren beste aldeak aurpegi indartsua erakutsi zigun, hain zuzen ere, Antzar Jokoan. Horretan, ikusgarritasuna eta indarra erakutsiz, omenaldi polita egin zieten
Isuntzako emakume arraunlariei“.
Oro har, alor publikotik berdintasuna, parekidetasuna, errespetua, elkarbizitza… aldarrikatzen dela diote. Baina
aldarrikapen horiek guztiak praktikan galdu egiten direla diote. “Gure kasuan, prebentziorako eta kontzientziatzeko helburuagaz, jaiak hasi aurretik
Erasotzaileori ospa hamendik! leloa zuen pankarta jarri nahi genuen abuztuaren erditik jaiak amaitu arte. Udalak ezezkoa eman zuen”. Ezezkoa ematearen arrazoia “pankarta denbora luzean zintzilikatuta egotea” izan zela diote. “Berdintasunaren izenean lehentasunezkoagoa al da estetika feminismoa baino? Kontu jakina da egunero ematen direla erasoak, eta plastiko zati batek gehiago kezkatzen zaituzte”.
Gertaera guztiak kontuan hartuta, jaiak “normaltasunez” joan direla esan dute. “Izan ere, jaiak gizarte honen isla dira eta erasoak ere egunero jasaten ditugu”. Normaltasun hori, baina, ez dela euren gustukoa agertu dute. “Ez dugu nahi erasoz betetako gizarte batean bizi. Horretarako, sistema heteropatriarkal eta kapitalista hau desagertarazi behar dugu. Has gaitezen feminismotik eraikitzen:
jaiak bai, borroka feminista ere bai!“.