Sekula ez ahazteko
[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Malkoak ezin eutsita. Iñigo Ibarra aktore eta zuzendariak eta Nerea Ibarzabal bertsolariak aurkeztu zuten ekitaldia. 36ko gerra garaiko gertakariak kontatu eta olerkiak eta bertsoak ere tartekatu zituzten. Joseba Sarrionaindiaren eta Fadwa Tuqan palestinar poetaren olerkiak irakurri zituen Ibarrak, eta hiru bertso kantatu zituen Ibarzabalek. Bertsolariaren malkoek garbi adierazi zuten Kontzekupean bildutakoen sentipena. Emozioz betetako bertsoekin, “eskertzea, kontatzea eta oroitzea” dela esan zuen Ibarzabalek “herriak egin leiken gitxienekoa“. Eta txalo zaparradagaz erantzun zioten herritarrek, bihotza kuzkurtuta.[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Zerutxu dantza taldearen, Pablo Fernandez Arrieta eta Ianire Krutxaga musikarien eta Xemein Abesbatza eta Emeki koralaren dantza eta emanaldiek osatu zuten omenaldia, eta Juanjo Txurruka alkateak eta Ainara Gandiaga zinegotziak Markina-Xemeingo Udalak aho batez onartutako adierazpen instituzionala irakurri zuten. Kontzekupeko atala amaituta, txistulari eta dantzarien laguntzagaz kalejiran joan ziren omenduen senideak udaletxeraino, eta ekitaldirako propio egindako lana ezagutzera eman zuen Jose Pablo Arriaga eskultoreak. Han bertan, euren senideen oroigarri izango den artelanaren ondoan utzi zituzten senideek ekitaldian jasotako krabelin gorriak.[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
“80 urte hauetan ahaztuta egon direnak atera ditugu kanpora. Sasoia izan da guzti horien historiak jakiteko, ulertzeko eta gure oroimenean lekua emateko, aurrerantzean, sekula gehiago, horrelakorik ez dadin gertatu”, azpimarratu zuen, duela 80 urte (1937ko irailaren 9an) fusilatu zuten Joan Loiolaren emaztegai zenaren ilobak. Bestalde, zapatuko omenaldian txalo zaparradarik hartu ez bazuten ere, Ahaztuen Oroimena elkartearen lan ezkutua aipatu eta nabarmendu nahi izan dute Benito Aginagaren bilobek. Egiten ari diren lana eskertu dute.