Glu Gluk urriaren 1ean estreinatuko du Gernika-Lumon familia osoari zuzenduta dagoen
Alizia Lurralde Miresgarrian antzerki musikala. Eta horretan parte hartzen dute Maruri eta Alegria aktore ondarrutarrek. Azaldu dutenez, bi aktoreek pertsonaia bera antzeztuko dute. “Batek ezin duenean besteak beteko du haren lekua”.
Domekan bi saio eskainiko dituzte Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian, 12:00etan eta 17:00etan. Eta Gernika-Lumon estreinatu eta gero, beste
hainbat herritan eskainiko dute antzerki musikala: Balmaseda, Oñati, Beasain, Elgoibar, Galdakao, Astigarraga, Basauri, Tolosa, Zumaia, Mungia, Amurrio, Berriz, Azkoitia…
Sinopsia: Ate handia gurutzatuta, Lurralde Miresgarrira iristen da Alizia, eta bertako pertsonaiek ezagutza eta jakintza garatzeko gauza pila erakutsiko diote. Chesire katuak naturaren magia erakutsiko dio, ingurugiro eta naturako eskoletan bezala; Kapelagilea eta Martxoko erbia hizkuntza ezberdinetan kontu kontari arituko dira tea edan bitartean, Alizia hizkuntzak ikastearen beharraz ohartzeko; eta Erreginaren lorezainekin matematika ikasiko du, poker jokoan bezala, karta bakoitzarekin zenbaki ezberdinak batu eta kentzen baitira. Azkenean, nekearen nekez, Aliziak etxera bueltatzeko gogoa edukiko du. Etxera itzultzeko, erreginak asmakizun sorta jarriko dio Lurralde Miresgarritik atera ahal izateko. Aliziak ikasi duen guztia praktikan jartzeko aukera izango du, eta jabetuko da ikastea lurralde hau bezain miresgarria dela!
FITXA:
- Egilea: Galder Perez.
- Zuzendaria: Maitane Zalduegi-Viar.
- Musika zuzendaria: Iñaki Maruri
- Aktoreak: Itxaso Quintana/Leire Ucha, Iñaki Maruri/Ugaitz Alegria, Andrea Covadonga, Koldo Olabarri/Olatz Ganboa.
- Iraupena: 60 minutu.