Bidegorrian komun publiko bat jartzeko lanak hasiko ditu urrian Etxebarriko Udalak. Ekipamendu horrek auzokideei zein bidegorrian dabiltzan pertsonei emango die zerbitzua.
Ekipamendu berriaren ezarpenak
ia 77.000 euroko kostua edukiko duela jakitera eman du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak. Etxebarritik Nemak enpresara bitartean dagoen Ibaun Azpiko zelaian kokatuko dute, eta ez da komun soil bat izango. Etxebarriko alkateak azaldu duenez,
aterpea,
eserlekuak eta
gimnasia aparatuak ere izango ditu atsedena hartu zein kirola egiteko.
Etxebarriko bidegorria.
Ekipamenduaren proiektua egiterakoan
paisaia kontuan izan du udalak. Horrela, eraikinak urrunetik begiratuta zuhaitz baten itxura izango duela zehaztu du Iriondok. “Paisaiari egokitutako eraikina izango da. Burdinazko posteak eta egurrezko teilatua izango ditu zuhaitz baten itxuran”. Komuna ere ez da begien bistan egongo. Aurreko aldean eserlekuak eta gimnasiako aparatuak jarriko dituzte eta atzeko partean egongo da emakume zein gizonezkoentzako balioko duen komuna.
Eraikina aurten prestatuko dute, baina gimnasia egiteko aparatuak
datorren urtean jarriko dituztela azaldu du alkateak.