Herriko kultur eta kirol elkarteek
2018ko ekitaldian ekimenak egiteko diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu eta eskaria egin eta justifikatzeko oinarriak ezarri eta onartu ditu Markina-Xemeingo Udalak. Irailaren 20ko Tokiko Gobernu-Batzarrean hartu zuten erabakia, 2018ko ekitaldia abian jarri asmoz.
Atleta gazteak abiadura probetan parte hartzen.
2017ko abenduaren 31ra orduko diru-laguntza eskaera egin eta datorren urtera begira dituzten ekintzak edo programa osoaren proposamenak aurkeztu ahalko dituzte taldeek, eta
2018ko abenduaren 31 izango dute epemuga jasotako diru-laguntzaren justifikazioa egiteko.
Diru-laguntzak emateko prozedura
norgehiagokakoa izango da, eta irizpide batzuk ezarri dituzte horretarako. Hala, euskara, parekidetasuna, autojestioa, beste talde zein udalaren ekintzetan parte hartzea, gazteen artean kultura eta kirola bultzatzea, sormena sustatzea, etorkinak gizarteratzeko ekintzak barne hartzea, balioak bultzatzeko jarduerak barne hartzea eta aurreko urteetan gauzatutako egitaraua eta balantzea kontuan hartuko dituzte.
Oinarrietan jaso dutenez, onuradunek egindako gastuak diruz laguntzekoak izango dira “betiere diru-laguntzaren xedearekin lotura zuzena eta objektiboa baldin badute, eta 2015eko urriaren 22ko osoko bilkuran onartu zen Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrean ezarritako baldintzak betetzen badituzte”.
Diru-laguntzetarako deialdiaren helburua elkartegintza eta herritarren parte hartzea sustatzea dela esan du udalak, eta urtero ekimenak antolatzen dituzten elkarte eta taldeei zuzeneko informazioa helarazi diete. Horrez gain, 2017an jasotako laguntzak justifikatzeko epea aurtengo abenduaren 31ra orduko egin behar dela gogora ekarri dute.
Diru laguntzak eskatzeko orria eta xehetasunak
Markina-Xemeingo Udalaren webgunean jarri dituzte eskura.