Lekeitioko Udalak euskara ikasteko diru laguntzak emango ditu
Azken urteetan egin duen modura, 2017-2018 ikasturtean HABEk homologatutako edozein euskaltegitan euskara ikasten duten lekeitiarrak diruz lagunduko ditu Lekeitioko Udalak. Horretarako, ikasleek 2017-2018 ikasturtean euskaltegian izena emanda dutela eta asistentziaren %80 bete dutela frogatu beharko dute.
Udalak jakitera eman duenez, diru laguntzak ikasitako mailaren araberakoak izango dira. Horrela, euskalduntze 1. mailan aritzen direnei %100 bueltatuko zaie, 2. mailan aritzen direnei %75 eta 3. eta 4. mailetan aritzen direnei % 50.
Eskatzeko epea zabalik. “Diru laguntzak bateragarriak dira beste erakunde batzuek kontzeptu beragatik ematen dituzten aldi bereko diru laguntzarekin, hala nola Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Foru Sailak martxan jarritako Euskara Eskura Txartelagaz, baldin eta eskatzaileak jasotzen dituen laguntzen zenbateko osoak ez badu ordaindu beharreko matrikula gastu osoa gainditzen”, azaldu dute.
Lekeitioko udaletxeko erregistroan eskuratu daitezke diru-laguntza eskatzeko inprimakiak. Horiekin batera nortasun agiria, Lekeitioko udalerrian erroldatuta egotea ziurtatzen duen ziurtagiria eta Lekeitioko udalerriarekin inolako diru-zorrik ez izatearen ziurtagiria aurkeztu behar dira. Diru-laguntza eskaera urriaren 31ra arte egin daiteke.