Lointek Gernika Bizkaiak zazpi puntuagatik galdu du denboraldiko lehen lehia
Snatt's Sant Adria taldea katalana 73-80 nagusitu zaio talde gernikarrari. Bihar 20:00etan hasita jokatuko dute ligako etxeko lehenengo partidua Quesos El Pastor taldearen kontraDenboraldi hasiera garratza izan du Lointek Gernika Bizkaiak. Zapatuan 73-...
Snatt’s Sant Adria taldea katalana 73-80 nagusitu zaio talde gernikarrari. Bihar 20:00etan hasita jokatuko dute ligako etxeko lehenengo partidua Quesos El Pastor taldearen kontra
Denboraldi hasiera garratza izan du Lointek Gernika Bizkaiak. Zapatuan 73-80 galdu zuen Snatt’s Sant Adriaren kontra, Madrilgo Magariños pabiloian. Jarrera oldakorragoa, biziagoa falta izan zitzaion talde gernikarrari.Mailaz igo den talde katalaneko Belen Arrojo hegaleko jokalari andaluziarrak buruhauste bat baino gehiago eragin zien Lointeken jokalariei. Arrojo Cadi La Seu taldetik heldu da Snatt’s Sant Adriara eta haren esperientzia igarri zen. Gernika-Lumoko taldetik Aishah Sutherland eta Anna Gomez jokalariek lortu zituzten saskiratze gehien.
Lointekeko neskek markagailuan aurretik hasi zuten Dia Ligako lehenengo jardunaldia. Sutherland, Gomez eta Juana Molinaren eskutik 10-4 jarri ziren aurretik.
Hala ere, talde katalaneko jokalariek ez zuten hutsik egin, eta markagailuari buelta eman zieten (13-17), eta Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen. Lopezen aginduek eragin zuzena izan zuten, eta puntu bakarreko aldeagaz bada ere, markagailuan aurretik bukatu zuten lehen laurdena (18-17).
Hobetzeko beharra
Bigarren laurdenean talde katalanaren jokalariek kanpoaldeko jaurtiketek min handia egin zieten talde gernikarrekoei.
Erasoan zein defentsan lan handia egin zuten Lointek Gernika Bizkaiaren neskek, baina markagailuko aldeari eusten zien Snatt’s Sant Adriaren neskek, eta Lointekekoek bazekiten partidua irabazteko ezinbestean jokoa hobetu behar zutela.
34-38 emaitzagaz joan ziren aldageletara, eta atsedenalditik bueltan, Lointek defentsa gehiago sendotzen ahalegindu zen. Hala, une batez markagailuan aurretik jartzea lortu zuen, baina ez zen nahikoa izan; defentsa lan indartsuari jarraipena ematea falta izan zitzaien jokalariei. Erasoko jokaldiei dagokienez, Molinak jarrera erasokorrari eutsi zion, baina zenbait momentutan bakarrik egon zen.
Egoerari buelta emateko asmoagaz, eta 44-51-ko markagailuagaz zeudela, hutsartea eskatu zuen Lopezek. Gero, talde seguru eta eraginkorrena osatzeko ahaleginean, boskotean errotazioak egin zituen, baina katalanak erasokorrago zeuden kantxan, eta hori giltzarria izan zen.
Bihar etxean
Zapatuko porrota ahaztu, eta 2017-2018 denboraldiko bigarren jardunaldiari begira jarrita daude Lointek Gernika Bizkaiako jokalari, entrenatzaile zein talde teknikoko kideak.
Izan ere, eguaztenean (urriak 4) Malosten lehiatuko dute ligako bigarren partidua. 20:00etatik aurrera Quesos El Pastor Zamorako taldearen kontra jokatuko du.