Zapatuan [urriak 7] ospatuko da, eguraldia zela eta atzeratu egin zuten
VI. Surf Eguna. Ekitaldia antolatzen duten
Artzabal Surf Elkarteko kideek jakitera eman dutenez, eguraldi ona iragarrita dago, eta beraz, surfa eta jaia uztartzen dituen egunagaz gozatzeko aukera egongo da Mendexako Karraspio hondartzan. Surfa, erreki sorta eta kontzertuak izango dira jaiaren muina.
09:00etarako mahaiak jarrita egongo dira surf ikastaroetarako izena emateko. Ikastaroak doan izango dira, adin guztientzat, eta 10:00etan hasiko dira ematen. Artzabal Surf Elkarteak eskainiko du ikastaroetako materiala. Hala ere, norbere materiala ere eraman daiteke. Antolatzaileek aitatu dutenez, aurten ohol gutxiago izango dituzte, eta beraz, eskertuko dute eramatea.
Artzabal Surf Elkarteak zapatu goizean emandako iksataroa. Argazkia: Artzabal Surf Elkartea
Bestalde, ura oraindik epel samar badago ere, daukanak neoprenoa eramatea gomendatu dute. «Ikastaroak ordu erdikoak izango dira, eta denbora hori igarota, taldeak aldatzen joango gara».
Txapelketak. 12:30ean Txiki-Surf Txapelketa jokatuko da 14 urtetik beherakoentzat, eta arratsaldean, berriz, nagusien open surf txapelketa. Horrez gain, olatuak egonez gero, estreinako Bodyboard txapelketa ere egongo dela aurreratu dute Artzabal Surf Elkartekoek.
Bestalde, Kantauri Surf Ligako bigarren txanda jokatzen hasiko dira asteburuan, eta saio bat Karraspion lehiatuko da. Gross-eko surflariak eta Artzabal Surf Elkartekoak neurtuko dira 10:00etan hasiko den jardunaldian. «Surf ikastaroak eta Kantauri Surf Ligako saioa ordu berdinean jokatuko dira, baina hondartzako leku ezberdinetan», zehaztu dute.
Surf Eguneko txapelketetan parte hartzen dutenenentzat sariak egongo dira aurten. Banaketa 18:00etan hasiko da, kontzertuak hasi orduko.
Festa. VI. Surf Egunean ere, giro ezinhobea egotea da Artzabal Surf Elkartearen helburua. Hori dela eta, kirolari festa giroa gehituko diote. Halan, txosna aurkituko dute zabalik egun osoan, Karraspiora hurreratzen direnek, eta erreki sorta ere aukeran egongo da prestatzen hasten direnetik janaria amaitu arte.
Eguna festagiroan amaitzeko,
Crianza Clearwine Revival eta
The Flipping Karlomagnos taldeen kontzertuak egongo dira 19:00etatik aurrera.