Ze eratako auzoa nahi duten erabakitzeko garaia ailegatu zaie San Andres auzoko bizilagunei. Eurekin batera aurrera eramandako parte hartze prozesutik irtendako
bi proiektuak aurkeztu dizkie Lekeitioko Udalak, eta
urriaren 21ean euren gustukoena bozkatuko dute.
Uztailaren 4an batu ziren auzotarrak eta udala, eta topaketa horretan jasotako informazioa eta ekarpenak jaso eta aztertu ondoren, San Andres auzoa berriztatzeko bi proiektu proposamen osatu dituztela jakitera eman du Lekeitioko Udalak. Joan den barikuan [urriak 6] aurkeztu eta azaldu zizkieten auzotarrei proposamen biak, eta hurrengo pausoa behin betiko proiektua aukeratzea izango dute. “Urriaren 21ean proposamenik gustukoena bozkatzeko aukera izango dute, eta bozka gehien lortzen dituen proiektua izango da garatuko dena”, azaldu du udalak.
A proiektu proposamena.
B proiektuaren proposamena.
Bozketa kultur etxeko
Agustin Basterretxea gelan (RM Azkue kaletik sartuta) egingo dute
10:00etatik 13:30era. Udalak argitu duenez etxebizitza edo lokal bakoitzak
boto bakarra emateko aukera izango du. “Jabea NANagaz aurkeztu beharko da bozkatu ahal izateko, eta jabe bat baino gehiago egongo balitz euren arteko adostasuna lortu beharko dute”.
Bozketa egunean bertan zabalduko dute boto kutxa San Andres auzoko atari bakoitzeko lehendakarien aurrean, eta Lekeitioko Udaleko idazkariak emaitza ziurtatuko du.
Aukeratutako proposamena osatu eta
publikoki ere aurkeztuko dute, bere xehetasunak azaltzeko, itxura, forma eta materialak besteak beste.
Auzoa. Lekeitioko Udalak gogora ekarri duenez, San Andres auzoa
1966 eta 1967 urteetan eraikitako bost bloke lerrokatuk osatzen dute. “Eremua hasieratik amaitu gabe egon da, espazio publikoaren, kaleen eta sarbideen urbanizazioari dagokionez, eta oraindik amaitu gabe jarraitzen du leku batzuetan”. Auzoak irisgarritasun falta, inguruarekiko
konexio traketsa eta urbanizazio
zaharkitua dituela arazo handienen artean esan dute. Hori dela eta, auzokideen urteetako eskariari erantzunez, San Andres auzoko espazio publikoaren hobekuntza orokorra posible egingo duen urbanizazio obren proiektua idatzi eta ondoren proiektuaren exekuzioa burutzeko konpromisoa hartu zuen Lekeitioko Udalak.
HONEKIN LOTUTA: