Surflari eta surfzaleez bete zen zapatuan [urriak 7] Karraspio hondartza. Surf txapelketa eta hastapen ikastaroak izan ziren
Artzabal Surf Elkarteak antolatutako
XI. Surf Egunaren muina, horreri baina, festa giroa gehitu zioten, txosna, erreki sorta eta kontzertuak eskainita.
Goizean fresko zegoelako agian, aurreko urteetan baino ume eta gazte gutxiago animatu ziren surf ikastaroetan parte hartzera. Guztira 60 ume inguru jarri ziren ohol gainean olatuen artean zelan ibili ikasteko. Eta horiei begira ikusle asko. Hondartzatik zein pasealekutik jarraitu zituzten ikastaroak eta ondorengo txapelketak.
Txiki Surf Txapelketako finalistak; eskuman Oxel Oregi irabazlea. Argazkia: Artzabal Surf Elkartea
Eguerdirantz jokatu zen
Txiki Surf Txapelketa, eta irabazlea
Oxel Oregi markina-xemeindarra izan zen. Bigarren eta hirugarren lekeitiar bi gelditu ziren: Aner Larreategi eta Gari Markuerkiaga.
Arratsaldeko
Open Surf Txapelketa Jerome izeneko Frantsesak irabazi zuela jakitera eman dute Artzabal Surf Elkartekoek. Mikel Abasolo izan zen txapeldunordea.
Olatu askorik ez zen egon zapatuan, baina itsasaldiak joko apurra ematen lagundu zion estreinako egiten zen
Bodyboard Txapelketari.
Karmel Zubiaur lekeitiarra izan zen trebeena ohol gainean, haren atzetik gelditu ziren sailkapenean Andoni Jaio eta Markel Leturia, lekeitiarrak bi horiek ere.
Bestalde, Surf Egunagaz batera egitekoa zen Kantauri Surf Ligako saioa bertan behera geratu zen. “Lehenengo Getxokoak eta gero Grossekoak ziren etortzekoak, baina azkenean inork ezin izan zuen etorri”.
Txapelketetako sariak banatuta, oraindik ilundu orduko, hasi zen
Crianza Clearwine Revival taldearen kontzertua, eta jaiak gauera arte jarraitu zuen
The Flipping Karlomagnos taldeagaz.