Emozioak lantzeari buruzko tailerra emango dute gaur, Mendexan
Mendexako Udalak, Berdintasun Batzordeak eta Goialde Elkarteak antolatuta, Emozioak lantzen klowna bidelagun tailerra emango dute gaur, 17:00etatik 19:00etara, udaletxean.Antolatzaileek azaldu dutenez, Berdintasun Batzordeak eta nagusien Goialde Elkart...
Antolatzaileek azaldu dutenez, Berdintasun Batzordeak eta nagusien Goialde Elkarteak urtero elkarlanean ekintzaren bat antolatzen dute, azken urteetan, batez ere, ahalduntzea bultzatzeko asmoz.
Oraingo honetan emozioak lantzea da ekimenaren helburu nagusia, eta besteren artean, klowna izango da horretarako erreminta: «Emozioak barruan gordetzen ditugu askotan, eta ez dakigu horiek kanporatzen».
Azalpenak eta ariketak
Gehilan2000 enpresako Nerea Ariznabarretak gidatuko du gaurko saioa, eta azaldu duenez, hitzaldi-tailerra izango da. Hain zuzen ere, klowna zertan datzan azalduko du, eta zenbait ariketa egingo dituzte taldeka. «Klown mundua oso zabala da. Egin behar dugunaren eta nahi edo desio dugunaren artean mugitzen da. Klownak badauka parte errebelde bat, eta beste parte kontserbadore bat», aipatu du Ariznabarretak. Hala, gardena izateaz mintzatuko dira; egunerokotasunean «gordetzen» diren emozioak, bulkadak edota sentimenduak kanpora ateratzeaz, hain zuzen.
Era berean, begiradek komunikatzen dutenaz ere berba egingo dute: «Klownak nahiz eta hitz egin, begiradekin gauza asko komunikatzen ditu. Publikoari begiratzean, desioak, beldurrak, desilusioak… askotariko emozioak, konfidentziak helarazten dizkio, eta publikoak errespetuz hartzen du isiltasun eta gardentasun hori».