Edoskitzearen eskubideaz
Edoskitzearen Europar Astea ospatu dute Lekeition. Eskolapean batuta, bularra ematea edozein familiaren eskubidea dela aldarrikatu dute. Era berean, eskubide hori bermatzea gizarte osoari dagokiola gaineratu dute.Lekeitioko bularra emateko tailerrean p...
Edoskitzearen Europar Astea ospatu dute Lekeition. Eskolapean batuta, bularra ematea edozein familiaren eskubidea dela aldarrikatu dute. Era berean, eskubide hori bermatzea gizarte osoari dagokiola gaineratu dute.
Lekeitioko bularra emateko tailerrean parte hartzen duten herritarrek Edoskitzearen Europar Astea ospatu zuten joan den astean. Besteak beste, bularra ematea eskubide bat dela aldarrikatu zuten.«Bularra ematea edozein familiaren eskubidea da, eta gizarte osoari dagokio eskubide hori bermatzea», azaldu dute parte hartzaileek. Europar asteagaz bat egiteko, tailerrean parte hartzen duten herritarrak Eskolapean batu ziren eta umeei bularra eman zieten.
«Pertsona bakoitzak hartzen duen erabakia errespetatzeko eskatzen dugu. Izan ere, bularra edota biberoia aukeratzea familia bakoitzari dagokio, eta erabaki pertsonala eta guztiz errespetagarria da». Horrez gain, osasun zentroetatik edoskitzearen inguruko «informazio egokia» jasotzeko eskubidea aldarrikatu dute. «Edoskitzean hezitako osasun langileen aldetik informazioa jasotzeko eskubidea daukagu. Ondoren, informazio horretan oinarrituz, familia bakoitzak bere erabakia hartuko du».
Laguntzen aldarrikapena
Lana, familia eta edoskitzea bateragarri egiten dituzten laguntzak ere aldarrikatu dituzte. Diotenez, Osasunaren Mundu Erakundeak haurrak soilik esneaz elikatzea gomendatzen du lehen sei hilabeteetan, eta ondoren, gutxienez 2 urtera arte, beste elikagai batzuekin batera. «Amatasun baja hamasei astekoa da Espainiako estatuan. Epe horrek ez du edoskitze naturala bermatzen».
Horren aurrean, enpresek eta erakunde publikoek ere edoskitze naturalaren aldeko babesa eta errespetua erakustea eskatzen dute. «Horretarako, edoskitze naturalaren aldeko ekimenak sustatu beharko lituzkete».
Aldi berean, gizarteak, oro har, familiei babesa eskaini eta laguntza eman beharko liokeela gaineratu dute. «Bularra emateko eskubidea aldarrikatzen dugu guk, bai erabakian, erakundeetatik eta gizartean, begiradak eta kritikak alde batera utzita».
Hala, inolako diskriminaziorik jasan barik, nahi duten moduan, edonon eta edozein momentutan bularra emateko eskubidea daukatela diote.
Bide beretik, bularra emateari uztea ere familia bakoitzaren erabakia dela argi utzi nahi izan dute.