Lointekek ezin izan du Girona garaitu EuroCupeko lehen jardunaldian
Lointek Gernika Bizkaiak 57-81 galdu du Spar Citylift Gironaren kontra. Datorren astean lehiatuko dute bigarren jardunaldia. Bihar Leonen daukate ligako partiduaLointek Gernika Bizkaiak 57-81 galdu du Spar Citylift Gironaren kontrako EuroCup txapelketa...
Lointek Gernika Bizkaiak 57-81 galdu du Spar Citylift Gironaren kontra. Datorren astean lehiatuko dute bigarren jardunaldia. Bihar Leonen daukate ligako partidua
Lointek Gernika Bizkaiak 57-81 galdu du Spar Citylift Gironaren kontrako EuroCup txapelketaren lehenengo partidua.Gironak talde indartsua dela erakutsi zuen beste behin. Gernika-Lumoko taldeak maila ona erakutsi zuen, baina jokalari berri asko izanda, oraindik ere taldea erabat osatzen ari dela ikusi zen kantxan. Taldera etorri berri direnen artean, Marina Basek, esate baterako, partidu ona egin zuen. Zapore gazi-gozoa utzi zuen Lointeken EuroCupeko debutak. Izan ere, 24 puntuko aldeagaz partidua galdu arren, giro itzela sortu zuten harmailetan bildutako 1.500 bat zaleek. Gernika-Lumotik ere jende asko joan zen Casillara, klub gernikarraren historiako hitzordu garrantzitsuenetakoa bertatik bertara bizitzera.
Ohorezko aurreskua dantzatu ostean hasi zen lehia. Emakumezkoen Ligako bi talde onenetarikoak zeuden aurrez aurre, eta lehia bizia espero zuten zaleek. Partidua hasi, eta Gironak berehala jaurti zien gernikarrei lehenengo abisua; Nuria Martinezek bi hiruko sartu zituen. Bi minutuan, 0-8ko markagailuagaz, Mario Lopez Lointeken entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen. Ostean, Maria Pinak lortu zuen talde gernikarraren EuroCupeko lehenengo saskiratzea. Ondoren, Marina Basen txanda izan zen. Taldera etorri berria gogotsu aritu zen, bai eta Aishah Sutherland ere.
Bost puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena (13-18). Hurrengo minutuetan Gironak erraz lortu zituen saskiratzeak, eta Lointek, ostera, motelago zebilen kantxan, jokaldiak osatzeko zailtasunez. Horren erakusle da, esate baterako, 18-29ko markagailua.
Lopezek hutsartea eskatu zuen berriro, eta haren aginduen ostean, talde gernikarra lehiakorrago aritu zen. 31-39ko markagailuagaz amaitu zuten lehen zatia.
Gironaren erakustaldia
Atsedenaldiaren osteko lehenengo bi minutuetan partidua erabat korapilatu zen talde gernikarrarentzat. Girona Lointek estutzen zebilen, eta, ondorioz, 0-7ko partziala lortu zuen. Gernika-Lumoko taldeko neskei ez zieten jokaldiak gauzatzen uzten. 31-46ko markagailua iraultzea ez zen erraza; Lointek eginahalean ibili zen, nahi bai, baina ezin, eta bitartean, Gironak ez zuen huts egiten.
Lehia amaitzeko hamahiru minuturen faltan, 33-57ko markagailuagaz zeuden. Talde katalanak jaurtiketetan asmatu zu- en, gernikarrak, ostera, ez zuen zorterik izan.
37-62ko markagailuagaz heldu ziren azken txanpara. Neurketa erabakita zegoen arren, Lointekeko jokalariek ez zuten amore eman, eta azken momentura arte ahalik-eta itxura onena ematen ahalegindu ziren. Egun berezia zen, eta Lopezek taldeko lau bizkaitarrei (Lazaro, Bergara, Alberdi eta Ariztimuño) kantxan elkarregaz jokatzeko aukera eman zien.
Datorren astean etxetik kanpo lehiatuko du bigarren jardunaldia. Urriaren 19an (eguena) Hungariako VBW CEKK Cegled taldearen kontra jokatuko du, 18:30ean.
Asteburuan, liga
EuroCupeko porrota ahaztu eta ligari begira jartzeko momentua dute Lointekeko jokalariek (4. jardunaldia dute asteburuan). Bihar Leongo Embutidos Pajariel Bembibre PDM taldearen kantxan dute hitzordua (18:15).