Lekitto Bixirik herri krosa ateetan dago, eta parte hartu nahi duten guztiak izena ematen hasi daitezke jada. Herritar guztiek parte hartu ahal izateko, lau lasterketa egingo dira aurten ere, adin maila ezberdinetan banatuta. Herriko plaza izango da topaleku, eta bertatik aterako dira lasterketa guztiak.
8. Lekitto Bixirik Herri Krosseko parte hartzaileak. Argazkia: Garraitz Kirol Taldeko kirolariak
11:30ean hasiko dira umeen lasterketak. Lehenengo
2011-2014 urte bitartekoak egingo dute aringa-aringa 450 metroko ibilbidea eginez, portuan zehar. Horien atzetik,
11:45ean,
2007-2010 urte artekoak, 1.050 metroko ibilbidea egingo dute, eta
2003-2006 urte bitartekoek 1.400 metroko ibilbidea bete beharko dute
12:00etan herriko plazatik irtenda, portuan zehar.
Azken lasterketa
15 urtetik gorakoentzakoa (2002 urtetik aurrerakoak) izango da.
12:15ean hasiko dute krosa, eta herrian zehar luzatuko den 5 kilometro eta erdiko ibilbidea osatu beharko dute.
Opariak eta sariak. Parte hartzaile guztiek izango dituzte opariak. Lasterketa luzeko parte hartzaileek kamiseta bat jasoko dute, eta lasterketa amaitu ondoren, ura eta fruta eta zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute.
Umeentzako, bestalde, opari berezi bat edukiko dutela aurreratu dute antolatzaileek. “Parte hartzaile guztien artean, Ibai Gane jatetxean bi lagunentzako afari bat eta Santi gozotegiko produktuak izango ditugu”, aurreratu dute.
Bestalde, helmura lehenengo heltzen den emakumeak eta gizonezkoak bertoko produktuekin osatutako otzara bana irabaziko dute.
Izen ematea. Lasterketan parte hartzeko izena aldez aurretik eman daiteke,
azaroaren 3a arte,
lekitxobixirik@hotmail.com posta elektronikora idatzita. NAN datuak ere eman behar direla jakitera eman dute antolatzaileek. Lasterketan parte hartzeko ordaindu beharreko 5 euroko ordainsaria, berriz, lasterketa egunean bertan ordaindu beharko dute parte hartzaileek.
Lasterketa egunean izena ematen dutenek, berriz,
10:30etik aurrera herriko plazan egongo den mahaian eman beharko dute izena. Ordainsaria, baina, 7 eurokoa izango da orduan.
Bestalde,
2003 eta 2014 bitartean jaiotako umeek ez dutela ordaindu beharko zehaztu dute antolatzaileek.