Langile batzordea deitu barik Lekeitioko Udala lanpostuak eskaintzen ari dela salatu du EH Bilduk
Lekeitioko udal lanpostu berrien gaineko informazio falta eta gardentasun eza salatu ditu Lekeitioko EH Bilduk. Esan dutenez, Langile Batzordea ez da aspaldian bildu, hala ere, udalak lan deialdi bi zabaldu ditu Lanbideren bitartez.
“Giza baliabideak eta antolakuntza teknikaria eta administrazio laguntzailea lan eskaintzak egin dira eta horren inguruko informaziorik ez daukagu”, adierazi dute. EH Bilduko ordezkariek zehaztu dutenez, Langile Batzordea EAJ eta EH Bilduko ordezkariek osatzen dute, eta EH Bildukoei ezelako azalpenik eman barik eraman dituzte deialdiak aurrera. “Langileen lan poltsa ezberdinak ateratzen dabil udala Langile batzordea deitu barik eta ezkutuan”.
Bestalde, udalak uda hasieran zabaldutako bi lan poltsen ebazpenen berri ere ez daukatela gaineratu dute EH Bildukoek. “Irailean oposaketak egiteko azterketa datak jarriko zituztela esan zuten, eta urriaren erdian oraindik jarri barik daude”.