Inguruko nesken hezkuntzaz arduratuta, ikastetxe txiki bat sortzea erabaki zuten
1917ko irailean Mesedetako Monjek. Ehun urtetako ibilbidean, harriz harri, ikaslez ikasle eta irakaslez irakasle hazten eta hezten joan da Bera Kruz Ikastola, eta aurrerabidean jarraitzeko grinez, eraberrituta, ospatuko du bere mendeurrena.
Zer ospatu badauka Bera Kruz Ikastolak. 100 urte ez dira egunero betetzen, eta horren jakitun,
jaialdi handi bat egin nahi dute
urriaren 28an, 100 urtetan Bera Kruz Ikastolaren parte izan diren guztiekin batera, familia, ikasle eta irakasle, lehengoak eta oraingoak, denak batera.
Vera Cruz Ikastetxea handitzen. Argazkia: Bera Kruz Ikastola
Mendeurren oso batean ikastolaren partaide izan diren guztientzat ekintzaz betetako egun berezia izatea nahi dute, ikastola zer izan zen oroitu eta gaur egun zer izatera iritsi den ikusteko aproposa. Eta horrelako ospakizun batek merezi duen moduan, Bera Kruz Ikastolako ikasle oihak ere protagonista izango dira egun horretako prestatutako ekintza ezberdinetan.
Ospakizuna. 11:00etan, Mertzedeko elizan ospatuko den elizkizunagaz hasiko da urriaren 28rako prestatu duten egitaraua.
Xemein Gazte Ahots Abesbatzak girotuko duena.
Jose Pablo Arriaga herriko artista eta ikasle oihak ikastolarako egindako obra aurkeztuko dute ondoren, eta 13:00etan inaugurazio ekitaldiari hasiera emango diote zinta mozketagaz eta
Zerutxu dantza taldearen aurreskuagaz.
Bazkari herrikoiak, bertso saioak eta txikientzako eskulanen tailerrak girotuko dute arratsaldea, eta jaiari amaiera emateko kalejira egingo dute ikastolatik alde zaharrera Jaixkipe txarangak lagunduta.
Ekitaldi nagusia urriaren 28an izango bada ere, urriaren 26an
bilera intimoago bat izango dutela ere aitatu dute Bera Kruz Ikastolako arduradunek. Ikastetxeko langile ohi, zuzendari eta irakasle guztiak eta elizbarrutiko ikastetxeetako zuzendariak gonbidatu dituzte harrera berezira.
Ibilbide luzea. 17 neskakin hasi zuen ibilbidea
Mesedetako Monjen Ikastetxeak. 1945ean Berrizko Mertzedariekin batu ziren eta 1960 urtean
Vera Cruz Ikastetxea izena hartu zuen. Premiak gero eta handiagoak zirela ikusita, ikastetxea handitu zuten solairu gehiago eraikiz eta neskentzako barnetegia zabaltzea erabaki zuten. Aldi berean, aldaketa garrantzitsu bat eman zuten irakaskuntzan: batxilergoa administratiboa eta agrikola jarri zituzten martxan. Hamarkada horretan hasiko zen bai eta ikastetxea mixto bihurtzen ere.
Bera Kruz Ikastolaren barruan egindako eraldaketak.
Markina eta Xemeingo herritarrez gain, inguruko herrietako, Euskal Herriko bai eta Espainiar estatuko ikasleak ere egon ziren barnetegian; Madril, Zaragotza, Orozko, Berriz, Durango, Bilbo… leku askotako jendea.
1968an euskarazko klaseak ematen hasi ziren. Kristau baloreak eta euskara eta euskalzaletasuna ardatz izan ditu ikastetxeak, eta beraz, apurka-apurka D eredua ezartzen joan ziren. 1985ean, Vera Cruz Ikastetxeak eta Zerutxu Ikastolak bat egin ondoren juridikoki ikastola bihurtu zen eta
Bera Kruz Ikastola izatera iragan zen.
Lana eta bizimoduaren arteko oreka lortzeko, haurtzandegi zerbitzua eskaintzen hasi zen lehenengoetariko ikastetxea izan zen inguruotan. Gainera, irakaskuntzaren kalitatearen erakusgarri diren hainbat aitorpen eskuratu ditu,
urrezko eta zilarrezko Q-ak esate baterako.
Gizartearen aldaketetara moldatzen eta garaian garaiko familien beharretara egokitzen ahalegindu da ikastetxea, eta horretan ibili dira azken urteetan ere. Hala, azken urteetan instalazio eta irakaskuntza metodologian eradaldaketa bat barne hartu dute, eta mendeurrenagaz batera zuzendaritza ere aldatu dute. Mendeurren berria aldaketekin hasiko du ikastolak, hori ere badute ospatzeko.
Ikastetxearen 100 urtetako gertaera gogoangarriak
1917. Sorrera, Mesedetako Mojen Ikastetxea.
1945. Berrizko Mertzedariekin elkartu ziren.
1960. Izendapen aldaketa: Berrizko Mesedetako Monja Misiolarien Vera Cruz Ikastetxea. Neskentzako barnetegia ireki eta batxilergo agrikola laborala eta administratiboa jarri zituzten martxan.
1980. Barnetegia itxi zuten.
1985. Bera Kruz Ikastolaren sorrera eta lagalizazioa Vera Cruz Ikastetxeak eta Zerutxu Ikastolak bat egin ondoren.
1986. EIB (Eusko Ikastola Batza) taldean sartu zen.
1999. Haurtzaindegiaren irekiera. 0 eta 1 urtetako umeentzat, herria ez zegoen zerbitzua.
2002. ISO 9001-2000 arauaren araberako ziurtagiriaren lorpena, 0-16 osoa eta jantokiko zerbitzuarentzat ere.
2007. Zilarrezko Q-aren lorpena (EFQM).
2013. Urrezko Q-aren lorpena (EFQM).
2017. Instalazioak eraberritu eta metodologia berrien ezarpena.