Lekeitioko Udalak iragarri modura, San Andres auzoko bizilagunek auzoa berriztatzeko bi proiekturen artean aukeratu behar izan dute gaur [urriak 21]. Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, 
%94,8ko parte hartzea egon da, eta 
A aukera [ikus planoa] izan da boto gehien jaso dituen proposamena; 42 boto jaso ditu. Bestalde, 
B aukeraren alde egin dutenak 32 izan dira.
Bozketa kultur etxeko 
Agustin Basterretxea gelan (RM Azkue kaletik sartuta) egin dute, 
10:00etatik 13:30era. Udalak esan bezala, etxebizitza edo lokal bakoitzak 
boto bakarra emateko aukera eduki du. Bozkatzeko aukera amaitu denean, momentuan bertan zabaldu dute boto kutxa San Andres auzoko atari bakoitzeko lehendakarien aurrean, eta Lekeitioko Udaleko idazkariak emaitza ziurtatu du.

Boto gehien jaso dituen proposamena.
Aukeratutako proposamena osatu eta 
publikoki ere aurkeztuko dutela esan zuen udalak, xehetasunak azaltzeko, itxura, forma eta materialak besteak beste.
Auzoa. San Andres auzoa 
1966 eta 1967 urteetan eraikitako bost bloke lerrokatuk osatzen dute. “Eremua hasieratik amaitu gabe egon da, espazio publikoaren, kaleen eta sarbideen urbanizazioari dagokionez, eta oraindik amaitu gabe jarraitzen du leku batzuetan”. Auzoak irisgarritasun falta, inguruarekiko 
konexio traketsa eta urbanizazio 
zaharkitua dituela arazo handienen artean esan dute. Hori dela eta, auzokideen urteetako eskariari erantzunez, San Andres auzoko espazio publikoaren hobekuntza orokorra posible egingo duen urbanizazio obren proiektua idatzi eta ondoren proiektuaren exekuzioa burutzeko konpromisoa hartu zuen Lekeitioko Udalak.
HONEKIN LOTUTA: