V. Usotegi Eguna, beste behin ere, arrakastatsua
Lekitto Bedarrak antolatuta, V. Usotegi Eguna ospatu zuten zapatuan [urriak 28] Lekeition. Eskualdeko ekoizleak izan ziren Usotegi parkera ailegatzen lehenak. Parkearen kanpoko aldean kokatuta, herritarrek sasoian sasoiko ortuariak, produktu ekologikoak eta Santa Eufemin ekoizten duten Larruz gazta erosteko aukera eduki zuten. «Ekoizleek salmenta asko egin zituzten», azaldu dute Lekitto Bedarrekoek.
Umeek ere ondo pasatzeko aukera eduki zuten taldeak eurentzako prestatutako ekintzetan. Hala, berakatzak landatu eta txorimalo bat egiteko aukera eduki zuten. «Txorimaloa ortu erdian kokatu zuten».
Auzolanean parke sarrerako atea margotzeko ekintza egitekoak baziren ere, euria egiteko arriskua zela-eta bertan behera utzi zuten. «Ekintza hori zapatuan egingo dugu».
Jakoba Errekondok ere jendetza batu zuen. Bere azken liburua (Landarak lantzen) aurkezteaz batera, bertaratutakoekin solasaldia eduki zuen.
Txapelketak eta bazkaria. Txapelketei dagokienez, gaztaren eta kalabazaren pisua asmatzeko aukera eduki zuten herritarrek; Julian Arratek eta Fabrice-k irabazi zituzten txapelketa horiek, hurrenez hurren. Eta aitzur jaurtiketa txapelketak «ikusmin handia» sortu zuela esan dute. «11 partaide egon ziren. Eta horien artean, bi emakumek ere parte hartu zuten, estreinako». Txapelketa hori Imanol Barainkak irabazi zuen.
Txapelketak egin eta gero, taldeko sukaldariek prestatutako pintxoak dastatu zuten herritarrek. Eta ostean kuadrillen arteko bazkaria egin zuten. «Bazkarian hainbat nagusi eta ume batu ziren».
Argazkiak: Lekitto Bedarra