Mozorroak jantzi eta kalera aterako dira zapatuan [azaroak 4] lekeitiarrak, dagoeneko urteroko ezinbesteko ospakizun bihurtu den euskal mitologiari lotutako Katu Baltz jaiaz gozatzeko. Gauera arte luzatuko da aurten jaia, gainera. Lehen hitzordua, betiko legez, Eskolapeko Limoneroetan izango dute.
11:30ean bolanderak bota eta pregoia irakurriko dute, eta iaz bezala umeentzako aurpegi margotze tailerra egongo da Panpox kultur elkartearen eskutik, mozorroak hobetu edo jantzirik ez daukana ere giroan sartzeko.
Kuadrilla bat, Katu Baltz eguna ospatzeko prest
Eguerdi partean egingo da kalejira erakusleiho onena saritzeko. Lekitto Musika Banda eta Garraitz Kirol Taldeko ipotxak lagunduta egingo dute dendarainoko ibilbidea herritarrek, eta aurten ere, Maria Talako Eskulan Tailerrekoen eskutik jasoko du saria irabazleak. Ez da izango sari bakarra, Katu Baltz Elkartekoek aurreratu dutenez, Kitto merkatari elkarteak ere banatuko du beste sari bat.
Musikarik ez da faltako giza eta eguerdia alaitzeko. ItxaropenaTxistulariak, Trikitilariak eta Dunbots Joaldunak ibiliko dira kalerik kale.
Aurten estreinako, Lekeitioko Elikagaien Bankuaren bigarren eskuko gauzen azoka ere egongo da goizean. Euro baten truke era askotako gauzak erosteko aukera egongo da beraz, behar duenari laguntzeko. Liburuak, jostailuak eta ipuinak egongo direla batez ere jakinarazi du Marisol Iturraspe Lekeitioko Elikagaien Bankuko arduradunak. Denda Eskolapean jartzea dute asmoa, baina euria eginez gero ikastolaren tabernan egongo direla azaldu du Iturraspek.
Antzezlana. Ikusgarrik hartuko du aurten ere, umeei zuzendutako arratsaldeko antzezlana. Patata Tropikala Antzerki Laborategiak umorea, irudimena, txotxongiloak eta maskarak dantzan jarriko ditu Azken Eguzkilorea antzezpenagaz. 17:00etan hasiko da abentura.
Zinematik plazarako bidea kalejiran egingo dute ondoren, Aittitta Makurra Txarangarekin batera, Kontzijopean txokolatea jan eta Etorkizuna Dantza Taldearen emanaldia ikusteko.
Sua, musika eta txinparten azpian dantza eta saltoka ibiltzeko aukera ere ez da faltako Katu Baltz egunean. Lekittoko Deabruak antzerki taldeak “Akelarre Foc” ikuskizuna eskainiko du plazan iluntzean.
Gauean, musika eta jaia tabernaz taberna zabalduko dira. Izan ere, herriko tabernek ere bat egingo dute jaiagaz aurten.
Herritar guztien jaia izango da zapatukoa, Katu Baltz Elkartearen gidaritzapean herriko talde eta elkarte askoren artean osatua. Parte hartu eta gozatzea besterik ez da falta.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.