Bakearen Artisauek deitutako
Orain presoak! mobilizazioan parte hartzeko aurkezpenak egiten ari dira azken egunetan Euskal Herrian; zapatuan [azaroak 4] Ondarroan egin zuten. Mobilizazio horrek, hain zuzen ere, Frantzian
salbuespen legedi baten menpe espetxeratuta dauden euskal presoen arazoa konpotzea du helburu. Egoera horrekin amaitzeko, abenduaren 9an Parisen manifestazioa egingo da, eta Bakearen Artisauek euskal herritarrei ere bertan parte hartzeko deia luzatu die.
Pariseko manifestaziora joateko
autobusetan izena eman ahal dute ondarrutarrek; zerrendak
Zurrumurrun, Kulixkan eta Kuriken daude. “Eta autobusez joan ezin dutenek tresnez joateko aukera ere badute”.
Ondarrutarrak, abenduaren 9an Parisen egingo den mobilizazioagaz bat egin eta gainerako euskal herritarrei ere deia luzatzen.
Aieteko hitzarmenetik 6 urte eta armagabetzetik 8 hilabete pasatu eta gero dator oraingo mobilizazio hau. “Luhusotik ETAren armagabetze egiaztaturako jauzia egin genuen Euskal Herria lekuko zela. Bakerako bidean, hala ere, hainbat dira Euskal Herrian konpontzeko ditugun arazoak”. Horien artean euskal presoen afera dagoela esan dute. “Azken urteetan gertatutako guztiagaz bat ez datorren salbuespen legedi baten menpe dituzte oraindik ere euskal presoak”.
Orain arte egin modura,
Artisauen lanak aurrera jarraitzen duela esan dute. “Espetxeetako auzian sakontzen jarraitu dute Frantzian. Hain zuzen ere, duela egun gutxi jakin dugu ahalegin horiek fruitua ematen ari dela: publikoki aitortu da Frantziako Justizia Ministeriogaz lan esparru bat sortu dela han preso dauden pertsonen egoerari aurre egiteko. Bide hori txalotu egiten dugu”.
Horregatik, hain zuzen ere,
abenduaren 9an Parisen egingo den manifestazioa ohiko manifestazioetatik haratago doala gogora arazi dute. “Hitzordu hori bigarren Luhuso da, baina oraingoan presoen alde. Eta orduan bezala, orain ere
gizartearen bultzada eta babesa beharrezkoak dira”. Halaber, Parisen hartzen joango diren erabakiek Madrilen (Espainia) ere ondorioa edukiko dutela iragarri dute.