Surf ikuskizun ederra eskaini zuten atzo [azaroak 5] Mendexako Karraspio hondartzan jokatu zen Euskal Herriko Gazte Surf Zirkuituko hirugarren proban parte hartu duten surflariek. Guztira, 48 surflari gaztek parte hartu zuten proban, 18 azpiko eta 14 azpiko mailetan.
Euria egin arren, aterruneak ere tartekatu ziren atzokoan, eta olatu onak egon ziren momentu askotan. “Karraspion egoten diren onenetakoak” azaldu dute Lea-Artibaiko Artzabal Surf Elkartekoek. Eta gazteek aukerak aprobetxatzen jakin zuten. Horrela, maila handia ikusi zen Karraspioko uretan. Eguneko puntuaketa altuena
Ainhoa Leiceagak eta
Iker Amatriainek lortu zuten 18 azpikoetan,
Alejandra Garciak eta
Kai Odriozolak irabazi zuten, berriz, 14 urte azpikoen mailan.
18 urtez azpiko mailako finalistak, Kai-Alden egindako sari banaketan. Argazkia: Artzabal Surf Elkartea
08:20ak aldera jokatu zen lehen manga. 14 urtetik beherakoak izan ziren lehenengoak uretara sartzen eta ondoren hasi zen 18 urte azpikoen lehia. Hamabi surfistak parte hartu zuten
18 urtez azpiko mutilen txapelketan. Lehia polita egon zen finala jokatu zuten lau surfisten artean: Iker Amatriain, Ander Idarraga, Axel Lopetegi eta Sean Gunning. Ordena horretan gelditu ziren sailkapenean.
18 urte azpiko nesken norgeiagoka jokatu zuten zazpi nesketatik Ainhoa Leiceaga, Maria Martinez, Sara Urresti eta Mikele Beato ibili ziren ondoen eta finalerako pasea lortu zuten.
14 urtez azpikoetan, berriz, hamar neska igo ziren taula gainera eta Alejandra Garcia, Sarah Leizeaga, Bianca Tye Pineda eta Janire Gonzalez-Etxebarri Lazkano izan ziren finalistak.
14 urtetik beherako hemeretzi
mutilak ere gogotsu aritu ziren. Kai Odriozola, Adur Amatriain Diego Martin Gomez eta Peru Zuñiga Zorrozua izan ziren finalistak.
Mareagoran jokatu zen
finala, arratsaldean, eta ikusleek surflarien trebeziak hurreagotik ikusteko aukera eduki zuten. Baldintza zailetan aritu baziren ere, olatu egokienak aukeratzen jakin zuten surflariek.
Txapelketa amaituta, Lekeitioko Kai-Alde elkartean egin zuten sari banaketa.