Jendetza batu zen barikuan [azaroak 3], Lekeitioko Eskolapean, urriaren 28ko eraso sexistak gaitzesteko. Deialdia egin zuen Potxuak Martxan emakume taldeak eta erasotuek azaldu zuenez, urriaren 28an neska talde batek erasoak jasan zituen, behin eta barriro, herriko lau mutilengandik, eta eraso horiei aurre egiteagatik planto egin zuten mutil talde batek ere erasoak jasan zituen.
“Beste behin, adierazi nahi dugu lasai nahi dugula bizi, aske, ikara barik, egunez eta gabaz kaleak ere gureak direlako!” adierazi zuten elkarretaratzean. Urriaren 28an gertatutako eraso sexista multzoa, gizarte patriarkal baten bizi izanaren isla nabarmena zela ere azpimarratu zuten. “Emakumeok otzan nahi gaituen sistema batena”.
Barikuan Lekeitioko Eskolapean egin zen elkarretaratzea.
Jakinarazi zuenez, erasotzaileak identifikatuta daude, salaketa jarrita dago eta erasoak jasan zituztenekin ere hitz egin dute. Azken horiei babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan zieten barikuko elkarretaratzean bildutako herritarrek. Eta argi utzi zuten ez dutela ezelako eraso sexistarik onartuko, ez ukimenik, ez eta hitz edo deseroso sentiarazten duten keinurik ere. “Baboso, erasotzaile, matxirulo edota olagarro hoiei planto! Nahikoa dela esan nahi diegu. Bakean dagoena bakean uzteko! Ez dugula era horretako jarrerarik onartuko”.
Herritarrek ersotzaileei aurre egin behar dietela esan zuten. “Argi eta garbi utzi ez ditugula eraso gehiago onartuko. Denon artean lortu behar dugu herrian eraso sexistak ekiditzea! Eta ez ahaztu, hau ez da jatorri kontua, hau matxismoa da!”.