Gehien behar dutenen ondoan egoteko konpromisoagaz jarraituz, Mundu Zabal gobernuz kanpoko erakundeak denda solidarioa zabaldu du, aurten ere, Markina-Xemeingo Karmengo komentuko erakustaretoan.
Azaro eta abendu osoan egongo da zabalik denda 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egunero, domeka eta jai egunetan ezik.
Ume zein nagusientzako arropak batez ere, baina altzariak, jolasak, poltsak eta beste hainbat gailu ere aurkitu daitezke Frai Bartolome kalean sarrera duen karmeldarren lokalean.
Berriak eta bigarren eskukoak dira, bakoitzaren aukeran. Aurreko urteetan, bigarren eskuko denda zabaldu izan du erakundeak azaroan, premia dutenei laguntza bat eskaini asmoz. Abenduan, berriz, lehen eskuko gaiekin betetzen zuten denda. Baina, abenduan ere jendea bigarren eskuko gaien bila joaten zela-eta, hilabete bietan denetarik edukitzea erabaki dutela azaldu dute Mundu Zabal erakundeko kideek.
Mundu Zabal elkarteak zabalik dauken denda solidarioa.
Bata zein beste,
prezio merke merkeetan aurkitu daitezke produktuak, euro batean edo bitan esate baterako. “Dendara joateko dirurik ez duena hemen janzten da negurako”, nabarmendu dute. Horrez gain, betiko helburua mantentzen du denda solidarioak. Hilabete bietan lortzen den dirua, hirugarren munduaren garapenerako egitasmo bat bultzatzera bideratuko da. Aurten,
Mundukide Fundazioa Mozanbiken bultzatzen dabilen landaketa proiektu bat lagunduko du Markina-Xemeingo elkarteak. Azaldu dutenez, Marrupako nekazarien laguntzagaz Mozanbikeko beste
hiru barrutiko nekazarien prestakuntza antolatzen ari dira. “Marrupan horren ondo funtzionatu duen proiektua beste hiru barrutietara zabalduko da. Lurra garbitu eta landatzen ikasten ari dira. Jendea gosez zegoen eta egoera horri irtenbide bat ematen ari dira”, zehaztu du Javier Gartzia Mundu Zabal elkarteko lehendakariak.
Elkartasuna. Dendan salgai dituzten bigarren eskuko arropa eta altzariak jendeak emandakoak dira, eta egunero ailegatzen dela gehiago eta gehiago azaldu dute Mundu Zabal elkartekoek. “Jende askok lagundu digu, eta denda batzuek ere hainbat gauza ekarri dizkigute”, zehaztu dute. Aitatu dutenez edredoiak arrakasta handia izaten ari dira. “
Eskerrak eman nahi diegu era batera edo bestera parte hartzen duten guztiei, batez ere Karmeldarrei, beste behin ere euren lokala utzi digutelako”.