Frontoiko argiterian egindako aldaketek elektrizitate gastua
%30 gutxitzea ekarri duela jakitera eman du Markina-Xemeingo Udalak. Pilotaren Unibertsitateko eta ondoko frontoi txikiko argiak kendu eta LED argiak jarri zituzten iaz, eta aldaketa horrek
berehalako ondorioak izan dituela nabarmendu dute.
Frontoiko argiak. Argazkia: Markina-Xemeingo Udala
2016an 39.202 kw/orduko kontsumitu baziren, aurtengo elektrizitate kontsumoa 27.800 kw/orduko ingurukoa izatea espero du udalak. Gainera, kontsumoaren gutxitzeak eta kontratuaren eta erabiltzen den potentzia aldatzeak gastuan ere isla zuzena izan duela azaldu dute. “Hala, orain arte urtean ordaintzen ziren
6.500 eurotik 4.700 eurora jaitsi da frontoiko elektrizitate gastua”.
Bestalde, teknologia berrien erabilerak 3,98 tonatan gutxitu dituela
CO2 isurketak esan dute. “Guzti horri gehitu behar zaio zerbitzuaren kalitateak izan duen hobekuntza eta berrikuntzaren alorrean eman den aurrerapausoa”.
Proiektua. Udal pilotalekuko eta frontoi txikiko argien azpiegitura berritzeko lanen kostua 44.103,68 eurokoa izan zen. Hala ere, proiektu horrek diru-laguntzak jaso zituen. Alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak, Agenda 21 egitasmoaren bidez, 12.000 euroko diru-laguntza eman zion udalari, eta Euskal Energiaren Erakundeak 7.091 eurorekin lagundu zuen proiektua, bestalde. “Argiteria sistema berria ezartzeko lanak udal brigadako langileek burutu zituzten”.
Argiteria publikoaren erabilera eraginkorrago bat lortzeko bidean aldaketak egiten jarraitzeko asmoa erakutsi du udalak. Aldaketak era mailakatuan egingo direla azaldu dute, “Markina-Xemein energetikoki geroz eta udalerri eraginkor eta jasangarriagoa bilakatzeko”.