Abenduaren 9an Parisen egingo den mobilizazioa aurkeztuko dute Lekeition
Aurkezpena barikuan egingo dute [azaroak 17], 20:00etan udaletxeko eskaileretan. Ekitaldia Aitor Abaroak aurkeztuko du, eta aurreratu dutenez, Karmen Marina Arteagabeitia eta Olatz Zaratek hartuko dute bakegileen hitzak. Aurkezpena egin eta gero, inguruan egongo den txosnan tragoa hartu eta mokadutxoa jateko aukera edukiko dute herritarrek; Pariseko ekimenak sortutako gastuei aurre egiteko bono laguntzak erosteko aukera ere egongo da.
Parisen abenduaren 9an egingo den manifestaziora joateko autobusa antolatu dute lekeitiarrek; herritarrek abenduaren 2ra arte izena eman ahal dute Galarrenan edo Guzurmendi tabernetan.
Apirilaren 8an ETAren armagabetzea gauzatu eta gero, Bakearen Artisauek bakean bizi den gizarte batera ailegatzeko lanean jarraitzen dute. Eta abenduaren 9ko ekimena bake bidean beste urrats bat da. “Lehen momentutik argi eduki dugu ETAren armagabetzeak bakera iristen lagunduko zigula, baina armagabetzea bera ez zela bakea ere bagenekien. Pausoz pauso, ondorio guztiei aterabide sendoa emateko beharra dago”.
Horren haritik, abenduaren 9an Orain presoak! izeneko ekimena egingo da Parisen. “Presoen egoera desblokeatzeko mobilizazio handia izango da. Hain zuzen ere, presoei ezartzen dizkieten salbuespeneko neurrien amaiera exijitzeko ekintza izango da”. Hala, besteak beste, ondoko puntuak dira Pariseko mobilizazioan eskatuko dituztenak: hurbilketa eta elkarretaratzea, gaixorik dauden presoen askatasuna eta beste preso batzuen baldintzapeko askatasuna.
Halaber, presoen egoera konpontzeko, gizarte osoaren mobilizazio masiboa eta erakundeen inplikazioa “beharrezkoak” direla gaineratu dute.