Alanisko tren istripuan hildako presoei buruzko filma aurkeztuko dute Uhagon kulturgunean
Baina, ez ziren ailegatu. “Une horretan, herritxo hartako tren geltokian, hegaleko trenbidean, tresna militarrez beteta, konboi bat zegoen geldirik. Presoak zeramatzan trenak, azken horren aurka egin zuen bete betean; istripuak, sekulako anabasa sortu zuen”.
Gutxienez 57 preso hil zirela unean bertan eta 18 preso bizirik atera zirela zehaztu dute, guztiak zaurituta. Gainera zaurituetako batzuk ere ospitalean hil ziren. “Agintari frankistek izkutatu eta isildu egin zuten gertaera. Istripua ez zen erregistratua izan eta ezin izan da aurkitu orain arte, bere egunean egindako ikerketen dokumentaziorik”.
Iruzubietako bizilaguna. Markina-Xemeingo bizilagun bat ere tren horretan eraman zutela jakin dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek. “Istripu honetan zauritutako horietako bat Iruzubietako Katenero etxeko Irineo Olabe Alkaiturri izan zen. Irineo, okina izateaz gain auto gidaria zen”.Gerra garaian ere gidari lanetan aritu omen zen Olabe. “Hain zuzen, gudarien arduradunak, ofizialak garraiatzea zen bere zeregina eta arrazoi hau izan zen Irineo Olabe zigortzeko zergatia. Istripu horrek bizitza osoan eragingo zion. Ezkerreko hanka elbarri, herren geratu zen harrez gero”.
Dokumentala ikusteko aukera izateagaz gainera, Sabin Egileor zuzendaria eta ikerketen ardura izan duen Jimi Jimenez Aranzadiko historialaria ere bertan egongo direla nabarmendu dute Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek. “Memoriaren (tren)bidean galdu ezin dugun beste geltoki bat da dokumental hau, gure historia ezagutzearen helmugara iristeko aukera eder bat”.