Bertokoagaz osasuntsu bizi
Busturialdeak jan egin gura du, eta berena denaz elikatu nahi du. Jantoki eredua aldatu nahi du, osasuntsu jan eta eskualdeko lehen sektorea suspertu.Busturialdeko ikastetxe eta institutuetako jantoki eredua aldatzeko sortu da Jangurie Urdaibako Eskola...
Busturialdeak jan egin gura du, eta berena denaz elikatu nahi du. Jantoki eredua aldatu nahi du, osasuntsu jan eta eskualdeko lehen sektorea suspertu.
Busturialdeko ikastetxe eta institutuetako jantoki eredua aldatzeko sortu da Jangurie Urdaibako Eskola Jantokien ekimena. Ikasleek osasuntsu janda, eskualdeko lehen sektorea suspertzea eta eskualdearen jasangarritasuna bermatzea dituzte helburu. Izan ere, Urdaibaiko Biosfera Erreserban egonik, ume eta gazteen elikadura bertoko inguruneagaz hobeto uztartzeko pauso garrantzitsuak eman ditzaketela uste dute.Ekimenak batzen dituen hezkuntza zentroetako guraso, ume, irakasle eta langileak elkartu ziren zapatuan, Gernika-Lumoko Merkatu Plazan. Proiektua aurkeztu eta abenduaren 2an egingo duten jaialdira joateko gonbita luzatu zuten.
Hezkuntza zentroetako errealitateak desberdinak izan arren, helburu eta beharrizan antzekoak izanik, elkarlana oinarri hartuta indarrak batzeko erabakia hartu dute eskualdeko hamasei hezkuntza zentroek: Allende Salazar herri ikastetxea (Gernika-Lumo), Mertzede ikastetxea (Gernika-Lumo), Seber Altube ikastola (Gernika-Lumo), San Fidel ikastola (Gernika-Lumo), J.M. Uzelai herri ikastetxea (Busturia), Haizeder eskola (Ea), Montorre eskola (Gautegiz Arteaga), Mundakako eskola (Mundaka), Urretxindorra ikastetxea (Muxika), Barrutia herri ikastetxea (Arratzu), Eleizalde ikastola (Bermeo), Sagrado Corazon ikastetxea (Bermeo), San Frantzizko herri ikastetxea (Bermeo), Barrutialde institutua (Arratzu), Gernika BHI (Gernika-Lumo) eta I. Arozena Barrueta Tar Benito BHI (Bermeo). «Ikastetxeen artean elkar laguntzeko borondatez jaio da ekimena. Gure eskualdeko eskola batzuk jantoki eredu desberdinak garatzen dabiltza, eta esperientzia aberats horiek gainerakoen esku jarriko ditugu». Zelako jantoki eredua gura duten adosteko eztabaida prozesu sakon bat burutu dute.
Hala, tokiko ekonomia bultzatu eta bertoko elikagaietan oinarritutako «jantoki osasuntsu, jasangarri eta hezitzaileen» aldeko apustua eginez, jantokietako langileen lan baldintzak «zaindu» eta ahal duten neurrian hobetzeko asmoa dute.
«Badakigu helburu hauek ez ditugula berehalakoan lortuko. Hamasei ikastetxe gara, bakoitza bere errealitateagaz, eta bakoitzak erabakiko du adostutako helburuak lortzeko bere erritmoa. Honez gero asko lortu dugu; batetik, Urdaibaiko eskola guztien arteko elkarlana, eta bestetik bertoko jantoki eredu jasangarri eta osasuntsua gizarteratzea. Gure helburuak lortuko ditugu», zehaztu dute.
Erakundeei eskariak
Zapatuko aurkezpenean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eta eskualdeko instituzioei zuzendu zitzaizkien. Jangurie Urdaibako Eskola Jantokien ekimenaren helburuak lortzeko haien «laguntza eta inplikazioa» ezinbestekoak direla azpimarratu zuten. Izan ere, eurek zehaztutako helburuak lortzea «denen ardura» dela deritzote.
Urdaibaiko erakunde publikoei eskualdeko produktuen (ahal den heinean ekologikoak) ekoizpena handitzeko «apustu garbia» egitea eskatu diete. Beharrezko azpiegiturak sortzeko «plangintza integral bat» lantzea eta ustiapen berriak sortzea beharrezkoa ikusten dute: «Beti ere, nekazariak era duin batean bizi ahal izatea bermatuz». Hala, nekazari horiek elikagaiak eskoletara bideratzeko eta jantoki eredu hori bideragarri izateko azpiegitura eta bitarteko berriak sortu beharra nabarmendu dute.
Kultura Sailari ere mezu argia helarazi diote. Jantokiei buruzko legedia aldatu eta sukalderik ez duten zentroetan sukaldeak egitea eskatu dute. Izan ere, azaldu dutenez, gaur egun eskola publikoetan catering enpresa bategaz lan egitera behartzen ditu indarrean dagoen legeak. «Sukalderik ez duten eskolentzako sukalde instituzional lokalak behar ditugu, bai eta biltegi, bulego eta antzeko azpiegiturak ere, jantokiak bertoko produktuez hornitzeko. Guk eskola publikoei zelako jantoki eredua garatu gura duten erabakitzeko askatasuna ematea eskatzen dugu, beti ere jantokiekiko administrazioak daukan erantzukizuna mantenduz».